Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zirgarienak

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Badut lagun bat,haserre, Bilboko Abandoibarrean zirgari zirenen omenez egindako eskulturak benetako zirgarietatik oso urrun daudela uste duelako. Emakume nagusiago eta sendoagoak zirela ziostan solasaldi patxadatsuan. Ziztu bizian idazten ditugu, maiz, txio eta osterantzeko mezuak, eta horrelatsu irakurtzen ditugu. Mutil bat ari zen euskal herritarron bizkarrera trufaka lehengoan. Zein astapotro garen, zein basati harriak goratzen... modu gutxiesgarrian topikoak erreskadan botatzen ari zen. Eta horretan, dzast!, sokatira. Zirimola zurrunbilotsuan sarturik halako batean, trufari, itsasontziak porturatzeko sokatira erabiliko dugula, tiraka egin, eta aise sartuko ditugula. Askok egin zion barre, baina batek era ezin minimalistagoan erantzun zion: «Hori, dagoeneko, existitu da», esan zion. «Emakumeek egiten zuten, zirgariek».

Zirgariek XIX. mendean Bilboko portu barrura sartzen zituzten gaiez beteriko gabarrak. Gorputz sendoko emakumeek zirgei tiraka eginez, elkarlanean, ontzia sartzen zuten. Lantzarra, ezbairik gabe. Euskal Herrian jende askok ez ditu ezagutzen, eta neurri batean uler nezake, baina kontua da zirgariena ez zela Bilbokoa soilik izan; jakin berri dudanez, Donibane Lohizunen edo Deba ibaiaren inguruan ere egon omen ziren. Bilbon aritu zirenen antzera, familia aurrera ateratzeko behar gorria zuten emakumeak izan ziren. Lan baldintzarik ez zegoen, dohakabea zen lana, eta, normalean, baztertu egiten ziren emakume hauek.

Guk ere baztertu ditugu gure istorioetatik; agian egun egingo da, baina nire eskola garaian ez zen ezer ikasi eurei buruz. Aspaldiko ezagun batek amama zirgaria izan zuela esan zidan arte nik emakume hauen berri ez nuen izan. Ana Azkona arkitektoak zioen bezala, ondo legoke QR kodez beteko bagenitu gure bazterrak eta gutxitan kontatzen diren horiek teknologiaren baliabideak ahalbideturik kontatzen hasiko bagina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.