Blanca Urgell
LARREPETIT

Sabino bizi balitz

2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ezin izan nion uko egin DART misioaren amaiera zuzenean ikusteari. Interruptus izan zen, halandabe, espaziontziak Dimorphos asteroidearen erdi-erdian jo baitzuen, irudiak sinistuz gero (ejem), baina ez genuen jakiterik izan arroka hegalari hura kolpez mugiarazi zuenetz. Buuuu.

Lo gutxi eginda, bada, baina jaiki egin gara. Katilu beroa eskuetan hartu, txiolandia zabaldu eta hona aurrenekoa: Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioa aurkeztu da. Ondo. Zorionak. Ai, baina «EnpresariAK» izena du elkarte berriak. Letra larriz, bai.

Akaso pluralgilea markatu nahi izan dute. Asko direla, alegia, edota pluralak direla. Orotarikoak, Mitxelenak hautatu zuenez. Gramatikatik irten gabe, aukeran, EnpresariEK-ek hobeto ematen du, ergatiboak bidenabar ekintzailetza adieraziko bailuke.

Enpin. Irudi korporatiboa lantzeko kontratazioak, gaizki oroitzen ez banaiz, 18.000 euro bai gure garaian. Ahal zuenak gehiago ere bai. Bada, diru horretan ez dezagun eska euskaldunoi berariaz zuzentzea (horrelakorik!), baina sar liteke sor lekigukeen ulertezin, ezinegon eta asaldura ahaleginean saihestea, adibidez.

Laguntzearren, hona tipologia xume bat. Bat: ez da guaia asmatu duzun izena euskal hitz baten berdin-berdina izatea. UPV/EHUn denetarako darabilgun kudeatzailea GAUR da. «GAUR erabili duzu?» esanda, dena esanda dago.

Bi: ez dezagun deklinabidea izorra, arren. «IREKIAn sartu dut» ondo-edo (ikus aurreko atala), baina «IREKIAko berrietan irakurri dut» bezalakoetan badago zeozer zital, doilor eta perbertsoa, mugagabe dagoenekoz ahul xamarrari batere mesederik egiten ez diona (zenbat Euskaltzaindiako? Afa!).

Hiru: izena euskaraz bada, «txiste guzia» ez dadila erdaran egon, enpresari maiteAk. Ño! Badago ordu honetan ni baino erneago dabilenik. Luistxo Fernandez lagunak Koldobika, Zuriñe, Koldobika! ez dit ba fite txiokatu...Ai-ei. Si Sabino viviría.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.