Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Mundu asko dago gure munduan

2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Ibiltzen hasi berria zen kizkur argiak zituen mutikoa. Txupetea zeraman arren, ondo ederto ulertzen zitzaion. «Maricón del culo» (irain higuingarria) ziotsan amamak txanpon makinara bidean. Amama zela nik ondorioztatu nuen. Ahots erabat zarramazkatuz errepikatzen zion noizean behin iraina, amultsuki. Bozaren urradura neronek sentitzen nuen,aldarri egiten zuenero. Dirua xahutzeko makinetako soinu eta koloreek liluratua zuten ozta-ozta bi urte izango zituen umea. «Lerro bi baina nahiago dut ez aldatu», ziotsan amamak txanponak sartu ahala. Umeari gustatzen zitzaion ulertzen ez zuen makina hori, eta tarteka eman behar ez zionean sakatzen zuen botoia. «Dale, maricón», animatzen zuen amamak. Tabernan gutxi geunden. Tabernaria, sakelakoan sartuta zegoen emakumea, amama-ilobak, eta neu. Txanpon oro xahuturik billete bat aldatzeko eskatu zion tabernariari. Umeak, pozarren, jauzi txikiak egiten zituen. Amamak, eserleku altuan jarri, eta jokoaren nondik norakoak azaltzen zizkion heldu bat balitz bezala. Umeak botoia sakatu eta sakatu nahi zuen. Haserrealdia ere izan zuten. Amamak ezetz, eta umeak baietz zioen eztarriko hotsekin.

Sakelakoan bizi zen emakumeak soinurik bako deia jaso zuen, eta beste aldean zegoenari esan zion ez zuela telefono konpainia aldatu nahi, pozik zegoela zegoenarekin. Orduan beste emakume gazteagoa sartu zen, komunera. Amama eta ilobaren albotik pasatzerakoan «hola, bebé» esan zion mutikoari. Ama omen? Klon eta klon egiten zuten txanponek makina barruan. Eskuarteko txanpon barik geratu zenean jokoa amaitutzat eman zuen amamak. Umeak, ordea, gehiago nahi zuen. Emakume gazteagoak eraman zuen azkenean, eta hiru geratu ginen taberna barruan, isilik. Nik pentsatu nuen zenbat mundu sar zitezkeen gure munduan; telefonoa eskuetan zuen alboko emakumeak galdetu zion tabernariari, «badakizu nortzuk diren, ez?». Eta tabernariak baietz egin zion buruarekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.