Albistea entzun

LARREPETIT

Probatu dut, bai

Goizalde Landabaso -

2023ko otsailak 7

Ez daki poesiarik egiten. Are gutxiago euskaraz. Kopia lezake Wislawa Szymborskaren ahizpak bidalitako postalaren gainekoa eta zin egin liezazuke bueltan den-dena kontatuko dizula. Edota Louise Glucken poema hartu lezake eta ehorztetxeetan batutakoak zein beldur diren negar egiteko eta ez egiteko idatz lezake. Erakuts eta errima litzake Jose Luis Otamendiren landurak, baina ez daki zer den landura. Ahalegindu arren ezin du elurrak elurren gaineko tolesdurak Castillo Suarezek baino hobeto ipini; ezin du. Erakuts liezazkiguke Miren Agur Meaberen kristalezko begiak eta Angel Gonzalezen begiradak eta minak. Ezinezkoa zaio, baina, bikainago egin; ez baitaki poesiarik egiten. Bolo-bolo dabilen inteligentzia artifizialaz ari naiz, GPT ditxosozkoaz. Ni ere probak egiten egon naiz.

Ez dakit inteligentzia artifizialaren beldur izan behar ote garen. Batzuek baietz diote, lana kenduko digutela. Aurkitu dut sarean webgune berezi bat, zure lanbidea sartu eta zenbateko automatizazioa izan lezakeen esaten dizuna. Beldur hauspogilea, bai. Haur eskoletako irakaslea sartu dut: %10ekoa. Argazkilariek %24koa dute. Kazetariek %40koa, eta idazleek, berriz, %49koa. Irakurriko ote genituzke makinek idatzitako poemak, ipuinak edota eleberriak? Egun emakumezkoek idazten dituztenak baino irakurriagoak izango dira? Burura etorri zait Raig Verd kataluniarrak kaleratu berri duelako irakurtzeko irrikan nagoen liburua: Com destruir l'escriptura de les dones (Zelan suntsitu emakumezkoek idatzitakoak). Horretan, besteak beste, Brönte ahizpen egiletza ukatzeko egin zirenak aitatzen dituzte, Branwell neba benetako egilea zela esateraino. Zinez indartsua izan da emakumezkoek idatzitakoak lurperatzeko makinaria, eta adibideak, gehiegi. Are gehiago, ezagutzen ditut, gaur-gaurkoz, emakumezkoek idatzitakoak irakurtzeko interesik ere ez dutenak. Ai, inteligentzia artifizialak konponduko balu!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...