Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Sareak

2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Duela hilabete pare bat Facebookeko kontua ezabatu nuen. Inoiz ez dut asko maite izan sare hau, baina bazen modu bat antzinako ezagunekin topo egiteko. Aspaldian buruan nuena solemnitate gutxirekin gauzatu eta utzi nuen bertan behera. Kontua ezabatzera joan nintzenean sareak berak esan zidan hamar hilabete neramatzala sartu barik. Beraz, ezabatzerakoan, ez nuen ezelango minik sentitu. Hala ere, sare sozialak bide bat zabalik utzi dit damutuz gero itzultzerik izan dezadan. Dauden sare sozial guztietatik gehien gustatzen zaidana, eta maizen erabiltzen dudana, Twitter da. Gauza on zenbait eman dit sare sozial honek, hortxe jarraitzeko adina ematen jarraitzen dit. Edozelan ere, inoiz ez dut pentsatu betirako sarea izango zenik, eta txoko birtual horretan jarraituko dut txarrak baino on gehiago ematen didan bitartean. Gainbehera izugarria bizitzen ari da, batez ere, jabe berria duenetik. Nabarmena da. Ezagutzen ditut dagoeneko kito egin dutenak eta beste sare sozial batzuk bilatu dituztenak. Are gehiago, aitzindari izandako zenbait joan dira nekatuta edota etsituta.

Ez dakit zenbat denbora geratzen zaien sare sozialei. Irudipena daukat inteligentzia artifizialaren aroa datorkigula, eta bide horretatik urratuko dela aukerarik eta molderik. Seguruen hor demodé geratuko dira sare sozialak. CD euskarria geratu zen bezala. Gizakia etorri, egon eta badoa; eta gizakiak egindako asmakizunak ere bide horretatik doaz.

Twitterretik alde egitea ez da baztertzen dudan hautua. Musk bideak zabaltzen ari da. Badakit momenturen batean egingo dudala. Ez dut inoiz sakralizatu sarea, eta abiadura supersonikoz gain behera doanean ez dut egingo. Ulertzen dut zergatik alde egiten ari den jendea. Are gehiago, erosle berriak negozio txarra egin duela pentsatzen dutenetakoa naiz. Niri neuri, momentuz, baliagarria zait. Ikusiko dugu noiz arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.