Blanca Urgell
LARREPETIT

Gari eta garagar

2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Egipton garia badela jakin dut» diotse Jakobek semeei Bibliako Joseren istorioan. Gari-garagarrak han nonbait etxekotu omen ziren, Egiptotik ez urrun, duela 8.000 urte edo gehiago. Garia K.a. 5000. urtearen bueltan heldu omen zen Iberiar penintsulara.

Horrek data jartzen die euskal hitzei: bon, ez noizkoak diren, noiztik aurrerakoak baizik. Ez da erronka makala zehatzagoa izatea. Gutxienik, badirudi Mesopotamiako izenak ez zirela laboreokin batera bidaiatu, indoeuroperak bere erroak garatu omen baititu: adibidez, ing. barley 'garagarra' eta lat. farina 'irina' azken batean 'arantza' esanahiko erro beretik omen datoz, formagatik agian.

Euskara ere bere bidetik doa. Hiztegi Etimologikoak dioen guztitik honekin gelditu naiz: biek *gar erroa partekatzen bide dute (*gal akaso). Gari-k zuri, bizi eta larri-ren -i atzizki bera duke, eta honek Oraingo Aroaren aitzinekotzat jotzeko oina ematen digu. Garagar erreduplikazio mota batez sortua liteke (*gara-gar), biribil bezalaxe (*bili-bil), eder (*de-der), adar (*da-dar) zein zezen (*ze-zen) motatik ezberdina, berankorra, eta ez hain emankorra.

Eta honekin: Erdi Aroan aberastasuna garitan (ere) neurtzen zen, Garidario eta Gariguti ezizenen arabera. Gariçu ere badago. Abere-ek aberats egiten zuten pertsona, eta gariak garizu. Azaro loizu, urtea garizu bildu zuen Inzak Ultzaman: gogoan hartu gure mukizu.

Otsailaren 22an hasi eta apirilaren 6an bukatuko da gari-zuma. Itxurak itxura, ez dago gari-rik hor, gazt. cuaresma edo gertuko senideren bat baizik: hurbilago daude gorexima gisako aldaerak argi. Herri-etimologia dabilke hor, hitz arrotza bertakotu nahian, garaizuma aldaerak ere bere bidetik erakusten digunez.

Gariak gari, garagardo pare bat baietz Gari-k kantatu bitartean: «zu horiek 'gu' esan nahi dute / hitz horiek elkarrekin gauden artean / hitz horiek iraungo dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.