Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Sareak

2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Hilabeteak, gutxi gorabehera, 720 ordu ditu. AEBetako hiritarrek horietatik 60 ordu ematen zituzten lagunartean 2003. urtean; hamazazpi urte geroago, ordea, 20 ordu ematen dituzte. 15 eta 24 urte bitarteko gazteentzat latza izaten ari da bizitza, eta, 2003-2020 urte bitarteetan, lagunarteko denbora murriztu da era ikaragarrian. AEBetako datu ofizialak dira eta duela egun batzuk kaleratu dituzte. Osasungintza publikoaz arduratzen den erakundeak lerroburu deigarria eman dio txosten potoloari: Gure bakardade eta isolamendu izurritea. Arazoa esan ziezaioketen, baina izurrite izena eman diote. Luze eta zabal konta niezazkizuke bertan agertzen diren datuak. Elkarrekin sentituko genukezimikoa urdailean, eta, uneren batean, bat egin genezakeen pentsatzean gizarte lakarra dela hangoa, gordina eta gorria. Gurean ez da gertatzen. Ez da gertatuko. Guk baditugulako, izan, sare sendoak. Laguntzera ohituta gaudela esan geniezaioke elkarri, lasaigarri gisara. Gure gizartearen (edo gizarteen) oinarrian kidetasuna eta laguntasuna dagoelako. Ez dakit daukagun gizartea baino hobea garela ez ote dugun pentsatzen. Agian, ez gara guk uste bezain jende ona. Baliteke berdintsuegiak izatea, haiek eta gu.

Etxe inguruko taberna batean hileta oharra dago. Emakumearen izen-abizenak ez ditut ezagutzen, baina aurpegia ezaguna egin zait. Sarri gertatzen zait. Aurpegiak errazago egiten zaizkit; batez ere, sekula berba egin ez badugu ere, maiztasunez topo egiten dudan jendearekin. Auzoan esan didate bakarrik hil dela eta egunak igaro direla hilik zegoela jakin duten arte. Zerbaiten piltxikada sentitu dut barruko tokiren batean. Bigarrenez aste honetan. Uste dut gure bizitzeko modu berriekin duela zerikusirik; zerbait aldatu behar dugu. Hiri kontua ote? Herriren batean gerta zitekeen? Sareen beharra argi dugu, edo argiago, baina pare bat jauzi geratzen zaizkigu gauzapenerako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.