Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Berantiarrak ala zaharrak?

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Idazlea eta The Guardian egunkari britaniarrean zutabegilea da Arwa Mahdawi. Berari irakurri nion joan den astean idatzitako artikulu batean Robert de Niro antzezle amerikarra zazpigarrenez izan dela aita, 79 urterekin. Ez du esan bere umearen ama nor den, zein izen-abizen dituen. Inork ez dio galdetu biologikoki edota osterantzeko bideetatik izan ote duen. AEBetako Indianako unibertsitatean lanean ari diren Garun eta Psikologia Zientzien sailetakoek jakinarazitako ikerketa batean zioten lehenago zahartzen direla obuluak gizonezkoen hazia baino, bai. Baina, hala ere, adin batetik gora gizonezkoen hazia galdu egiten dela dio ikerketa horrek, eta umeek arazoak izan litzaketela. Hau, baina, ez da hainbestetan nabarmentzen. Soilik emakumeen kasuan aurpegiratuko dizkizute umeek izan litzaketen hamaika gaitzak, zu beranduegi gelditu zarelako umedun, zu errudun zarelako, zu erantzule. Saiatu naiz De Niro parkean ikusten, arineketan bere zazpigarren umearen atzetik, askaria jan dezan, jolas bihurriren batean konplize izateko, edota mugarrietatik harago joan ez dadin. Pentsatzen dut ordainpeko beharginak izango dituela horretarako.

Arwa Mahdawik ez du deus esan De Niroren bikotekide izan zen Naomi Campbell modeloaren gainean. 50 urterekin izan da ama. Mahdawik bai esaten du, ordea, AEBetan 35 urtetik gora ama izaten denak zenbat gaitzespen jasotzen duen. Alegia,35 urterekin ama izateko emakume zaharra zarela; 79 urterekin, berriz, sasoiko egon zintezke. Aita, berantiarra da; ama,aldiz, zaharra edo geriatrikoa. Naomi Campbellek ez du esan bere umearen aitaren izen-abizenak zeintzuk ote diren, eta galdera izan da zein modutatik izan duen umea. Askotan galdetu omen diote, irakurri dudan albiste zenbaitetan nabarmentzen baitute Campbellek esandakoa: «Ez da adoptatua izan». Albisteak deigarriak egin zaizkit, daitort, baina, bestetik, ezer berririk ez. Betikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.