Blanca Urgell
LARREPETIT

Kalakan edo kantuz

2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Buruz gogoratzen ari naiz azala. Ni bulegoan nago, eta liburua mesanotxean: Rebeca Wragg Sykes-en Neandertales (2020), gaztelaniazko itzulpenean. Mesanotxean dago joan den ikasturtean irakurtzen hasi eta abandonatu nituen liburuen artean. Ez da txarra, ez. Guztiz kontrara: pozik ari nintzen harria lantzeko teknologien atalera heldu arte.

Ez dakit zer behar den: ingeniariaren garuna edota harrian bizi den eskultura sumatzeko gaitasuna. Edo buru deskantsatu bat, besterik gabe. Ezin bururaturik aritu nintzen harri zatien lanketa nola planifikatzen zuten neandertalek.

Alta, zoragarria zen jakitea kolpe batez harria juxtu nondik hautsi antzemanik —ttak—, behar zituzten hamaika tresna ateratzen zekitela, aizkoraren ahotik hasi eta mikrolitoetaraino. Honetan aditu itzelak zirela neandertalak.

Bada, hori duela 300.000 urtetik duela 40.000 urtera-edo izan bazen, zer pentsatu handia ematen du Etiopiako Melka Kunture indusketan agertu berri den duela 1,2 milioi urteko, hots, Acheul aldiko obsidianazko aurpegi biko aizkoren tailerrak, aurreko ezagunari 900.000 bat urte kentzen dizkionak.

Aurkitzaileek zalantzarik ez: handik irtendako aurpegi biko guztiak eredu berberekoak direnez, estandarizatuak alegia, ekoizpen gune espezializatu batez ari gara. Hominidoek sortutako lehenengo makina-erremintako lantegiaz.

Neandertalek giza hizkuntza batez —edo batzuez— mintzo zirela uste dute adituek, pentsamendu sinbolikoa islatzen duen labar artean oinarriturik, besteak beste. Ez dago frogarik, baina ezta duda askorik ere. The Guardian egunkarian irakurri dut teoria berri baten arabera Homo erectus itsasontziak egiteko gai ere izan zela. Melka Kuntureko goi-ordokian bizi ziren hominido haiek kalakan irudikatzen ditut lanean. Edo kantuz.

Kantuz eginez geroz munduian sortzia, / Kantuz eginbehar dut, ontsalaz, hiltzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.