Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ekintza poetikoa

2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Une batez errepide alboan/ dir-dir egiten dute maitagarri ipuineko neskatoaren poxpoloak legez/ gu piztuz/ izotz-zulora arnas hartzera/ itzultzen garen arte». Ger?ur Kristn? idazle islandiarraren poema zati bat da. Egunotan Islandiari buruz asko irakurtzen ari naiz. Denek joan nahi dute Islandiara. Guziek maite dituzte hango paisaia zabalak. Hango isiltasun deskribaezina. Aurora borealak eta fu egiten duen haizea. Momentuz joateko modurik ez, eta haren poesiarekin konformatzen naiz. Hara joandako inork ez dit kontatu zer ote den Jólabókaflód. Agian jakin barik itzuli dira. Eguberrietako errituala da. Liburuak oparitzen dizkiote elkarri, eta abenduaren 24aren aurreko egunetan liburu saltsa egoten da Islandiako hiri eta herrixka apurretan. Liburua elkarri oparitu eta gero gaua irakurtzen ematen dute. Bai, irakurtzen. Literaturarena gauza serioa da han goian. Tunglio argitaletxeak, esaterako, ilargi beteko gauetan erritu berezia egiten du Dagur Hjartarson idazleak eta Ragnar Helgi Ólafsson artistak bultzatuta. 69 liburu-aleko labealdia ateratzen du izenburu bakoitzeko. Irakurleak «salbatu» egin behar ditu liburuok gau horretan bertan. Erosten ez diren labealdiko liburuak erre egiten dituzte. Bizitza iheskorra dela uste dute; iheskortasun horren edertasuna aldarrikatzen dute, eta literaturak iheskorra izan behar duela pentsatzen dute. Ekintza poetikoa, esaten diote. Txotxolokeria moduan hasi zenak jarraitzaile kopuru nabarmena lortu du, eta ilargi bete aurreko egunetan irakurleak adi egoten ei dira gustuko duten eleberria salbatzeko. Tira, esan behar dut islandiarren %10ek bizitzan behin gutxienez kaleratzen duela liburu bat.«Denok dugu urdailean liburu bat», hori uste dute. Eta estatuak idazleak altxortzat ditu. Ez da uste soila, harago doa eta idatz dezaten soldata bat (2.400 euro garbi) pagatzen die idaztenari diren bitartean (orain, 70 inguru). Bai, mundu paralelo bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.