Albistea entzun

LARREPETIT

Inon baino alaiagoa izanen da

Goizalde Landabaso -

2019ko irailak 24

Ezer ez da berdin. Onar dezagun. Zehazki galdetzen badidazu, ez nuke jakingo esaten noiz aldatu ziren gauzak, kamarada; baina aldatu dira, gero. Joan den asteartean Bilboko Kafe Antzokian Josu Zabalak eta Garik emandako kontzertuan malenkoniaz zipriztindu nahi zuten gizon-emakumeak batu ginen. Isilpeko itun antzekoa egin genuen: barruan izan bitartean ordukoak izango ginen, irteterakoan, berriz, itzuliko ginen garenera. Agian kantariek ere malenkonia dosia behar zuten. Itun mutu horietakoa egingo zuten? Oholtza gainean izango gara ginena, behera jaisterakoan, ordea, hartuko dugu lurra. Ia hiru orduko kontzertu hartan denak berdin jarraitzen zuela zirudien. Ez dira, baina, alferrik joan 35 urte. Ez oholtza gainean zeudenentzat, ezta oholtza azpian geundenontzat ere. Garik bista galdu du eta betaurrekoak behar ditu ikusteko. Eskua altxa dezala zorroan, tiraderan edo telebista alboan betaurrekorik ez duenak? Euren oinpetan edozein likits alkoholikok utzitako hutsuneak urez beteriko botilek bete zituzten. Noski, alkohola ez da gure bizitzetatik desagertu, zelan eutsiko diogu gure herri honi alkoholik gabe? Arin-arina bezain tradizionala da-eta, ardo/sagardo/garagardo/txakolin edo enparauak. Ozen eta amorruz oihuztatzen genuen enkargatu izan nahi genuela, baina, ezin ukatu, bizitzak egin dituela bereak eta bi, eta dagoeneko enkargatu ez den beste hamaika gauza gara. Zahartzen joan gara, nabarmen gelditu zitzaigun joan den martitzenean, eta batez ere, asteazken goizean. Denborak harrapatu gaitu, baina erresistentzian gaude; gure inguruan piezak jausten doaz eta gu eusten ari gara, irauten.

Eta utz iezadazu, lantzean behin, nire bakardadera batuta, disko zaharrak jarri eta ito arte dantza egitea. Ez iezaiozu inori esan nik ere, noizean behin, iraganaren babesera batzen naizela. Soilik disko batek dirauen denboran, soilik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...