Albistea entzun

LARREPETIT

Mundu berria daramagu

Goizalde Landabaso -

2019ko urriak 22

Gasolindegian kotxeari bazka emateko gelditu nintzen autoak behar gorria zuela esan zidanean. Gizon bat etorri zitzaidan gasolina botatzeko zuloa zabalik nuela eta tutu malgua (mangera) eskuetan. Horrela kontatuta oso sexuala ematen du, baina ez, erabat hotza izan zen. Gizonak tximistak bota zizkidan begietatik, bere lana egiten ari nintzen, eta, finean, lana kentzen ari nintzaion. Arrazoia sinpleagoa zen: horrelako gasolindegiak geratzen zirenik ere ez nekien. Gizakia desagertzen ari baita zenbait tokitatik. Banketxeetan, dagoeneko, makinak egiten du gehiena. Autobideetako ordainlekuetan. Are gehiago, telefonoarekin arazorik baduzu zenbaki sorta labur horretara deitzean robot batek erantzungo dizu. Sakatu bat, sakatu bi eta sakatu hiru. Amorratzen naute robot hauek eta sutu egiten nau hamar minutuko sakatze kontuak eragiten didan frustrazioak. Honek ere oso sexuala dirudi, baina ez, bestelakoa da. Dagoeneko Sophia asmatu dute, humanoide oso azkar bat, gizakiokin lan egiteko prestatu dutena eta 2017az geroztik Saudi Arabiako hiritartasuna lortu duena. Lehenengoa. Nori otuko zitzaion hiritartasuna ematea? Zergatik ez eman norvegiarra edo kanadarra eta ez emakumea hain gutxietsia duen saudiarra? Transhumanismoak ere urratsak eginak ditu, eta ez dut honen gainean ezelango iritzirik, batzuetan ez baitaukat iritzirik, baina agian hemen bai egon liteke sexuala den zerbait, ez dakit. Ez nagoela makinen kontra, bizitza errazago egin liezaguketela argi daukat, baina nik faltan botatzen dut gizakiaren haragi beroa. Banketxeetako arazoetan eta zer esanik ez telefonoarekin edo Internet sarearekin arazoak ditudanean. Merkeagoak ei dira humanoideak, eta pentsatzen ari naiz gizakien aurreztea bilatzen duten horiek ez ote dituzten humanoideek ere ordezkatuko. Ez ote diren etorkizun hurbilean gure nagusi izango erabat perfektu bide diren makina hauek. Agian, orduan, Terminatorren matxinada helduko zaigu, eta gu, nork daki zer izango garen, izarren hautsa?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...