Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Denon etxea?

2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Home eta house ez dira gauza bera; horixe zen gure ingeleseko irakasleak oso aspaldian irakatsi ziguna. Hamaika saiakeraren ostean amore ematear zela, azalpen batekin ulertu genuen: «home hemen sentitzen da, eta hemen, eta hemen», adierazi zigun buru, bihotz eta urdai aldea seinalatuz. Finlandia hotzeko telebista publikoan ikusi nituen proces-aren kontrako epaiari erantzunak, poliziaren oldartzea, eta suteak. Eta egun berean Espainiako Gobernuak kaleratu zuen Everybody's land bideoa ere bai. Botere banaketa kolokan dagoela? Ez ezazu gaizki pentsatu, seguru kasualitatea izan zela. Home sentitu egiten zela zioskun irakasle etsitu hark. Zer egin genezake Espainia land eta home sentitzen ez dugunok? Diktadura baten goratzea ahalbidetzen duen estatu baten zati izan nahi ez dugunok? Zer, gehiago nahi dugunok eta duela 40 urte gizon batzuek adostu zituzten arauak desfasatuta sentitzen ditugunok? Nik jakin nahi nuke, zinez, zenbat garen, zenbatek nahi duen Espainiako estatuan jarraitu, zenbatek nahi duen monarkia babestu, zenbatek uste duen orduko arau haiek, dagoeneko, ez dutela balio, edota independentzia ez baina oraingoa baino gehiago nahi dutenak. Finean, zer da legea eta zer konstituzioak, ez badira une batean hiritar batzuek adosten dituzten elkarbizitzarako arauak baino? Zergatik ez aldatu norbaitek baliagarri ez direla sentitzen badu? Noiz arte bizi behar dugu dagoeneko hilda daudenek hartu zituzten erabaki batzuen mende? Nik bozkatu nahi dut, eta berdin zait astero igo behar badut etxetik hautes-eskolara dagoen aldats madarikatua.

Ez, Espainia ez da denon etxea. Libreki erabakitzen ez dugun bitartean, gehiago izango da Kataluniako telebista publikoko Polonia saioan zioten bezala «everybody's jail» beste ezer baino. Eta hau ez da konponduko, ez estaliko, diru publikoarekin ordaindutako hamaika eta bat promozio bideorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.