Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Fikzioa

2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
1938ko igande goiz batean Orson Welles gazteak irratian eskenaratu zuen H.G. Wellsen The War of the Worlds (Munduen gerra). Aurretiaz irratiratua zuen beste eleberri eta istoriorik, baina honek zer berezia zuen. Jatorrizko istorioa Britania Handian gertatzen zen, baina Wellesen taldeak AEBetara egokitu zuen, New Jerseyko Grover's Mill herrira, eta udagoieneko goiz hartan uhinek izu-ikara eragin zuten, jendeak sinetsi baitzuen estralurtarrak Lur planeta inbaditzen ari zirela. Sinesgaitza egiten da eta erakusten duena da uhinen bidezko ahotsaren indarra. Antzezle bikain bat eta ahots sinesgarria aski dira edozein istorio sinetsarazteko. Fikzioa zen, baina errealitatea izan zitekeen.

Azken egunotan Jose Antonio Perezek asmatutako El gran apagón (Itzalalditzarra) entzuten aritu izan naiz podcastean. Oso antzeko istorioa, oso sinesgarria gerta daitekeena. Eguzki ekaitz bortitz batek Lur planetako elektrizitate sistema guztia suntsitu eta planeta iluntasun izugarrian uzten du. Irrati berria da; edo irratiaren etorkizuna; edo, nahiago baduzu, irratiaren gaitasunaren erakusgarria. Mundua kontatzeko ez da artifiziorik behar, ahots bat eta uhin batzuk nahikoak dira. Liluratuta utzi nau, eta, esan didatenez, itzelezko arrakasta izan du gazteen artean. Gazteak, irratigintzatik urrun dauden horiek; bisualtasunera emanak dauden horiek. Gurasoen etxean sekula mututzen ez zen irrati hartatik gauzak asko aldatu dira, eta badirudi gehiago aldatzera doazela orain arte ezinezkoak egiten zitzaizkigun bide berri zahartuak zabalduz. Mudatzen ari da errealitatea, mundua, eta irauteko egokitu besterik ez daukagu. Esaten zuen Darwinek, aspaldi, ez dutela indartsuenek irauten, egoera berrietara ondoen egokitzen direnek egiten dutela.

Amaitu berri dut hiru denboraldiko fikzioa; orain beste bat hasi behar dut, Guerra 3(Gerra 3). Ahotsak, uhinak eta istorio on bat. Besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.