Blanca Urgell
LARREPETIT

Heldea heldu eta izurria joan

2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Euskara jasoaren saskira sartu diren Iparraldeko hitz ugarien artean ez dago helde, batek daki zergatik, baina egunotan izurri edota izurrite higatuxe bide daudenez, helde-ri heltzeko unea etorri dela deritzat.

«Etimologiak gure artean askotan izurriak baino kalte gehiago egiten baditu ere» (Mitxelenak esana da), ausartuko naiz harena proposatzera, itxura baitu heldu aditzetik datorrela. Haren aspaldiko aditz-izena dateke, kalte-ren antzera, atzizkia -de zeneko antzina batetik etorria. Lekutan zeuden orduan heltzen eta galtzen, areago geroago erdialdean sortuko ziren ibiltzen eta hasitzen horiek. (Erdialdea Nafarroa eta Lapurdi artean zegoen antzina, malgré Zuazo).

Axularrek esana da, berriz: «Ez da izurririk eta ez pozoinik nagitasunak edo alferkeriak bezanbat kalte egiten duenik». Ai ene, etimologiak baino gehiago? Hona kontzientziako harraren ausikia, itxialdi honetako gaitza, eginnahi dugunaren eta egiten ari garenaren arteko tentsioa, betiere galtzekoak garena. Galtzekoak edo.

Ahizparen etxean ordutegi estu baten arabera ari dira. Honelako ordutan gosaldu, gero ariketa fisikoa, geroago nork bere txokoa apaindu... Beati illi. Gu anarkistak gara, aitzitik. Bon, ez, Euskaltzaindiak ez baitu honako adiera hau baizik jaso: «Anarkismoaren aldekoa; anarkismoan oinarritzen den alderdi bateko kidea». Eta, jakina, gutaz larregi esatea da. Orduan, esan beharko liberalak garela? Aiei! Euskaltzaindiaren hiztegiari xinpatikoak egiten zaizkio liberalak, zeren «politika eta ekonomian, gizabanakoaren askatasunaren aldekoa dena» eta «pentsaera zabala duena» ere bai baitira... Anarkistak ez bezala?

Hitzak hitz eta adierak adiera, etxean heldeak dirauen bitartean elkarri ahalik eta oztopo gutxiena egiten ahalegintzen ari gara. Honetarako nagitasunari berea eman behar bazaio ere tarteka. Mea culpa, mea maxima culpa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.