Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Baginen

2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Oinaztar eta ganboarren historia eta istorioak ikasi nituenean ez ziren emakumeak aipatzen. Artean artxibategiak arakatzea egun baino korapilatsuagoa zen, eta ziurrenen, neketsua izango zen Santxa Otxoa Ozaetakoaren berri jakitea. Graziana Barrenetxea, aldiz, bai. Hori bai, ezagutu genuen; eta Maria Iriartekoa eta Maria Zozaia. Sorgin gaizto eta deabruzaleak zirela esan ziguten. Joana Albretekoa ere ikasi genuen, eta gainetik pasatu zuten Bilboko sortzailea zen Maria Diaz de Haroren historia. Lasturko Miliaz geroago jakin genuen. Mauleko bidea egiten zuten enarak, Eulalia Abaitua, Carmen Baroja eta Uriz ahizpak. Ezagutzen ditudan emakume gehienek bide bertsua egin dute: erreferentziak bilatu, aurkitu, eta ez zegoela esaten zietenean ere, ez etsi. Horrela ezagutu ditugu Euskal Herriko historian egon diren emakumeetako asko. Cira Crespok eta Elena Ciordiak egindako lanak beste emakume sorta bat ekarri du. Haiei esker jakin dut Okzitaniako Tolosa aldean, Salechan herriko elizaren horman, inskripzio bat ageri dela: «Asspercius nescato uxor, Andereitia eta Nescato». Iruñera etorritako okzitaniarren artean zegoen emakume baten izena ere bai, Flandina Crozat; eta «Lazarragaren eskuizkribuan» ageri den Maria Estibalitz Sasiola. Hor daude Hollywoodera ailegatu zen Conchita Montenegro eta espioitza lanak egiten omen zituen Marga Andurain. Hala ere, oraindik ere badira idatzi galduetan azaltzen diren emakumezkoen izenak. Azkena, liburu honetan bertan: Madame Charles D'Abbadie D'Arrast; alegia, Maria Abbadia-Ürrüstoi.

Ez dakit gaur egun historia ikasten denean euskal historiako emakumeak ageri ote diren, emakume gazteek ere guk egin behar izan genuen bide aldapatsua egin behar ote duten emakume hauek aurkitzeko. Pentsatu nahi dut horretan aurreratu dugula. Horrela ez balitz, Baginen lan hau izan liteke euskal historiako emakume zenbait ezagutzeko bide bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.