Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Errepidean

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Laranja kolorea zuen eguzkiak, garaieragaldua, eta nik autoa hartu nuen etxerako bidea egiteko. Ez zaizu pasatu inoiz bolantearen aurrean jarri eta hamaika kilometro urrunera egin nahi izatea? Kamioia bazterrean geldituta pasatu nuen, tartekako argiekin dir-dir dir-dir, eta pentsarazi zidan berak ereez ote duen inoizko kilometro kopururik handiena egin nahiko, han, nonbaiteko bazterrean gelditurik. Eta zerua sepia eta arroxa kolorekoa bihurtu zen; eta errepide inguruko argiak pizten hasi ziren, herabe, ez baizuten ausardiarik zeruaren ikuskizunaren aurrean. Eta ez zaizu pasatu inoiz zeruari beha eztarri erdian urdaila eta giltzurrunak batera kolapsatzea? Ahulak garelako gara naufrago kantatzen ari zen kotxeko bafleetatik eta nik ere ozen kantatu nuen. Orduan jabetu nintzen azken garaiotan kalean kantatzen dudala ahopean, asko, eta inor ez dela ausartzen ezer esatera. Eta soilik mututu nintzen radar argiak klisk egin zidanean. Bakarrik, errepide galdu hartan, leihoak zabaldu nituen haizea sar zedin. Eta zebra naiz oraindik. Ta ez zaizu pasatu inoiz umontziraino sartzen zaizun musika entzun behar izatea baina horrek triste jartzen zaituela, eta hala ere nahiago duzula entzun? Purpura koloreko gauean hegazkina lur hartzera zihoan. Atzamar batekin uki zenezakeen aparatua zu eta biok bezalako piztiaz beterik zegoen. Eta ez duzu pentsatu inoiz hegazkin barruetako nano horiek beheko mundua begiratzen dutenean barreneraino hunkitzen duten zerbait ikusten ote duten? Eta hau ez da zutabe bat, hau poema bat da. Baina ez da dena poema bat? Ez dituzu poemak eta poemak irakurtzen egunkarietako lerroburuetan? Funtsean, ez da hori salbatuko gaituen bakarra? Etxera ailegatu eta isiltasuna entzuten geratu zinen. Kolpean akordura etorri zitzaizkizun zure mezuaren zain gero eta artegatuago zeudenak. Eta labur idatzi zenien: etxean naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.