Albistea entzun

LARREPETIT

Maitasuna

Goizalde Landabaso -

2020ko irailak 29

Sare sozialetan dudan kontu batera, mezu pribatuen txokora hain zuzen ere, letter bi heldu zitzaizkidan egun berean. Biek ere dirua eskaintzen zidaten. Lehenengoa, alemanez idatzia, hiru miloi euroko mailegua egiteko gertu zegoen. Urte betean, baina, %3ko interesekin itzuli behar nion. Pagotxa, gero.

Bigarrena, aldiz, erromantikoagoa zen, maitemintze hutsetik harago doana. Maitasun sakon, sarkor, zuzen, garbi... film erromantikoa zirudien, baina erreala zen. Zertarako zabaldu Tinderren kontua Twitter nahikoa bada? Etienne Nodet delakoak (bigarren mezua bidali zidanak) Txiolanden dudan profila begiztatu zuen; argazkia, leloa, eta bertan agertzen direnak. Ikusi eta atoan ebatzi zuen: hau pertsona ona da, konfiantzazkoa, maitekorra, merezimenduz beterikoa. Hortik amodiora ez dakit zenbat behar izan zuen, baina ausardia batu zuen neuri idazteko. Bera kanadarra da eta han bizi da, baina hilzorian dago, azkenengoetan. Duela hiru urte alargundurik, bakarrik dago mundu lakar honetan. Boli Kostan kakao eta kafearekin egindako mugalari lanen ondorioz aberatsa da, eta bi miloi euro oparitu nahi dizkit. Zenbat sorkuntza beka sor litezke bi miloi eurorekin? Horixe da kolpera etorri zitzaidan ideia. Etiennek uste du elkartu behar garela dirua zelan emango didan azaltzeko eta bere emaila pasatu dit honetarako, idatz diezaiodan.

Honetan denetan harrigarriena ez da nire txioprofila behatu eta seko amoratu izana, txundigarriena da (eta honek izugarri poztuko du Kike Amonarriz) euskaraz bidali didala mezua. Alegia, Etiennek ikusi du nik zein hizkuntza darabildan sarean, detektatu du, eta itzultzaile automatikoa (edo) bilatu du euskaratze lana hartzeko.

Guztiarekin ere albiste ona dela uste dut. Nork esan behar zien itzultzaile automatikoetan lanean su eta gar egon direnei spam-erako ere balioko zuela sortutako gailuak? Azken finean hau ere bada normaltasuna.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.