Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Distopia

2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Years & Years telesaila berrikusten hasi nintzen. Lagun bati esan nion, pandemia aurrekoetan (p.a.) gustatu zitzaidala. Artean brexit-arekin gertatuko zena finkatu barik zegoen. Pentsatzen nuen gako zenbait atera genitzakeela hortik. Baina lehenengo kapituluaren erdira aldera pertsonaietako bat albistegia ikusten ari zen telebistan, eta albistegiko esatariak esan zuen: «Trumpen bigarren agintaldiak liskarrak eragin ditu...», eta hortxe eten egin nuen. Une horretantxe jabetu nintzen-eta fikzioa zela eta ez duela ezertarako balio. «Ez dago zer ikasirik, fikzioa da» idatzi nion lagunari.

Azken urteotan distopia asko dago ikus-entzunezkoetan, lar. Guztiek etorkizun posibleetatik okerrenak erakusten dizkigute.Hondamendirik gorrienak, itxaropen zapuztuak, gizadiaren amaiera. Ni, dagoeneko, nekatu naiz. Izan liteke bizi garen sasoi honetan neure burua babestera egin dudala eta zenbait gauza ikusteari uko egin diodala, baina daborduko, enpagua ematen didate. Layla Martinez idazle espainiarraren Utopia no es una isla (Utopia ez da uharte bat) irakurtzen ari naiz. Liburuaren hastapenean idazleak egindako frogaren berri ematen du. Bere inguruan galdetu du: zelan irudikatzen duzu etorkizuna? Gehienek txarto edo oso txarto irudikatzen dute. Kaltekorrak dira ikusten ditugun telesail eta filmak. Zirriborratzen dizkiguten munduak guk nahi baino mugatuagoak dira. Beste mundu batzuk posible ez direla pentsatzen baduzu, ezinezkoak izango dira, irudikatu ere ez baitituzu egiten. Noam Chomskyk ere gauza bera zioen: itxaropenik ez dagoela onartzen baduzu, orduan ez da itxaropenik izango. Eta kolpean etorri zait akordura Idurre Eskisabelek mahai inguru batean esan zuena: jarrera politikotzat hartu dut baikor izatea.

«Etorkizuna gurea da» dino Layla Martinezek bere liburu amaieran. Irakurle agurgarria, gure geurea da, inork ez diezazula kontrakoa esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.