Blanca Urgell
LARREPETIT

Bota gatza

2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Floren Aoizek idatzi zuen behin tortilla egiteko arrautzak hautsi behar direla. Tradizio baten katebegi bihurtu zen hala, Perón, Stalin eta Robespierrerekin batera bederen. «On ne saurait faire d'omelette sans casser des oeufs» esan omen zuen François-Athanase Charette de la Contrie-k (1763-1796), Frantziako erregearen aldeko «zuriak» eta errepublikaren aldeko «urdinak» elkarren kontra gogor borrokatu ziren Vendéeko gerra zibilean nagusietako bat izan ondoren. Esan bazuen alferrik esan zuen, atzeman eta fusilatua izan baitzen.

Gurean halako balentriarik ez arrautzekin: Orotarikoan denak ageri dira platerean, izan xingarrarekin, izan urdaian edo piperrekin. Nola egiten ziren ez da dokumentatu. Denok dakigu, baina: hautsi egin behar jango badira. Ez apurtu. Hozkailua ireki eta plaust: arrautza lurrera. Apurtu. Sinonimo ezsinonimoak.

Hautsi misteriotsuagoa da apurtu baino, eta honegatik ziurrenik zaharragoa. Forma aldetik erraza: hauts + -i, etorri eta gorri-ren i berarekin. Etimologikoki 'hauts bihurtu' dirudi, eta EHHEn diote geroago hartu zukeela 'apurtu' adiera.

Mendebaldeko hausi zaharragoa da, baina. Egun s edo z-z amaitutako hitzak salbuespen dira: ados, solas, erraz, deus, jazz… ezer gutxi gehiago. Araua hitz bukaeran ts edo tz ahoskatzea da, eta aspaldiko joera honek indarrean dirau. Axular batek ez zuen balitzliTZateke egiten, baizik eta liZateke, izan aditzaren za(n) erroari dagokionez; *baliZA > baliz > balitz antzina gertatu, balitz maizago erabili eta, honen analogiaz, gaur guztiok litzateke. Hortaz, antzinago hauts *haus bide zen, eta hortik hausi. Gero *haus > hauts gertatzean forma berriaren araberako hautsi sortu zuten batzuek. Analogia ez da beti-beti gertatu, eta honegatik dugu gazi/gatz parea, noizbait gatza *gaz zela erakusten diguna.

Arrautzak hausten hasi eta gatza botatzen buka. On egin dizuela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.