Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Argazki bat

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hilabete honetan125 urte bete dira Nancy Cunard jaio zenetik. Garai batean arras ezagun izan zen eta aldizkari ospetsu askotan agertzen ziren bere argazkiak, bere bizitza. Ingalaterran jaio eta munduan barrena ibili ostean, Parisen hil zen, 69 urterekin. Aita aristokraziakoa eta ama AEBetako aberaskumea. Alaba bakarra izan zen eta joan den mendeko 20ko hamarkadako urte zoro horiek bizi izan zituen. Duela mende bat. Guk ere biziko ote ditugu XXI.eko urte zoroak?

Sasoi horretakoa da maite dudan argazki bat: zuzenean begiratzen dizun emakume bat, larruzko jaka soinean, turbantea buruan, eta eskumako besoan eskumuturreko handiak. Segurtasuna agertzen du kobre koloreko argazkian ageri denak, eta begirada hori gustatzen zait, islatzen duen determinazioa. Man Rayk egindakoa da erretratua. Argazki horri esker ezagutu nuen nik Nancy Cunard. Dirua bazuen ere bestelako pizgarriak izan zituen bere bizitzak, eta hauek kamusterakoan aurkitzen zuen bestelakorik. Mugalari lez ere aritu izan zen errepublikazaleak Frantziako estatura pasatzen. Euskal Herrian ibiliko ote zen? Poeta izan zen eta kazetaritza lanak egin zituen, esaterako, 36ko Espainiako gerran. Argitaletxea sortu zuen, eta borrokatu zen faxismo askoren kontra. «Zer esan dezaket nitaz? Bakea, landagunea, Espainia errepublikanoa eta Italia antifaxista maite ditut; beltzak eta haien kultura afrikar eta afrikar-amerikarra, ezagutzen dudan Latinoamerika osoa; musika, pintura, poesia eta kazetaritza. Beti bizi izan naiz Frantzian, aukera izan nuenetik, 1920tik. Gorrotatzen ditut: faxismoa eta nazio ororen artekoa ere bai; eta esnobismoa eta dakarren guztia».

Agertu zait bere argazkia bilaketa batean eta akordura etorri zait atzeratu eta atzeratu jarraitzen dudalaPere-Lachaise hilerrira osteratxoa. Agian sasoia izango da baina pandemia osteko zerrendara gehitu dut beste izen bat: Nancy Cunard.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.