Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Argiak eta, batez ere, ilunak

2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Badu Edgar Degas-ek estura eragiten didan margolan bat. Intérieur (Barnea) izena dauka. 1868an margotutzat hartzen da, baina pentsatzen dut tarte luzean margotuko zuela. Logela bat da, argi jolasa, ohexka eta gizon-emakume bana. Gizona zutunik dago emakumeari begira. Honek, ordea, bizkarra ematen dio aulki batean eserita, erdi makurturik. Barrukoarropan ageri da emakumea eta bizkar zati biluzia ikusten da. Ohe ondoan, lurrean, barruko arropa gehiago dago, botata. Aztoratu egiten nau ikusten dudanero. Degasek bortxaketa bat islatu zuen, eta margolana nigana itzultzen den orotan gauza bera pentsatzen dut: lekukoa izan zen? Egilea? Irudimenak eragindakoa da?

Margolanaz gogoratu naiz egunotan, Kolonbian, Popayán hirian, lau poliziak 17 urteko emakume bat atxilotueta eurengandik sexu erasoak jasan zituela irakurtzerakoan. Batik bat, bere esaldi bat irakurtzerakoan: «Me manosearon hasta el alma» (Arimaraino eskukatu ninduten). Degasen lanaren aurreko sentsazio bera izan nuen, arimarainokoa. 17 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen hurrengo egunean. Hau dena salatzeko hamaika agerraldi egin da bertan, eta horietako batean irakurri dut kolorez margotutako pankarta txikia. Emakume gazte batek zeraman: «Ni bezalako 55 neska egunero bortxatzen dituzte Kolonbian». Garai beretsuan munduko beste muturrean, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan, Marokoko polizia batzuk sartu ziren Khayyatarren etxean; sartu, eta Sultana eta Luaara Khayya aktibistak bortxatu zituzten makila eta hodiekin.

Lanari Degasi gustatzen ez zitzaion bestelako izenburua eman zioten: Le viol (Bortxaketa). Hamarkada luzeetan margolariaren estudioan egon omen zen lan hori, ostendurik. Argien jolasa nabarmendu nahi ei zuen berak margolanarekin, baina iluntasun lar islatzen zuen, nonbait. Nik ere argiaren jolasa ikusi nahi nuke, eta ahalegintzen naiz, baina ezin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.