Blanca Urgell
LARREPETIT

Futbolaz zer dakizu?

2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Errazki nik baino gehiago, garai batean igandero kuadrillarekin partida ikusten bagenuen ere Luz de escaparate gogoangarrian. O tempora...

Gaurkotzekotan nondik hasiko, eta nork ez daki futbolaren izena ingelesetik datorrela?Bon, handik ez, espainoletik hartu dugula begien bistan dago, frantsesez berdin ahoskatu arren football idazten baitute. Honatx galdera: nolatan ditugu eskubaloia eta saskibaloia, eta oinbaloia ez? Erantzuna erraza da: hargatik.

Saiatu bai: 2010ean norbaitek Txuri-urdinak Oinbaloi Taldea proposatu zuen, alferrik, eta Herria astekarian ere ikusi dut, oinbaloiari-rekin batera, dena Interneti esker.

Etorkia ez eze, futbolak arrotza du itxura ere. Euskaraz -t bukaera ezaguna da, aditzetan batik bat (dut, dizut, zait…), baita hitzen batean ere (bat, zut, porrot, ausart...). Xabier Artiagoitiak erakutsi zuen (1991) hori ere ez dela zaharra gurean, baina, eta oro har ezinezkoa gainerako silabetan..., salbu eta futbolean, hain zuzen. (Baaai: pitbull ere badago).

Ahozkoan kontuak beste bide batetik doaz, normala denez: Orotarikoak euskararen fonotaktikari -hau da, hizkuntzan zilegi diren soinu-segidak eta silaba-egiturak mugatzen dituzten arau multzoari- egokitutako fubola, fobala eta fugola bildu ditu, guztiek t arrotza galduta.

Gurean noiz eta nola sartu zen bestek dakike, baina idatziz Antonio Maria Labaienek erabili zuen aurrenik, Athletic sortu eta hogeitaka urtetara (1931). «Zerbitzari» azkaindarrak honela dio are beranduago: «Eta zer diozue, pilota utzirik, foot-ball basa bat herrian sar-arazi nahi luketen mutiko gazte batzuez?» (1952-1957). Émile Larre baigorriarrak ere ez zekien txikitan futbolean, baina seminarioan laster ikasiko zuen «baloi joko arrotz hori» (2001). Futbolari ezetz esaten, errugbia itzuri zaie, pilotaren ordez meloia darabilen joko arrotz hori. For the times they area-changin'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.