Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Efemerideak

2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Autobusean bere aurrean eseritako neska batek zeraman jertseak eragin zituen pentsamenduak hauspotu ostean, aspaldi kantatzen zuen Anarik nahigabe ukitzen diogula elkarri efemerideetan. Egunerokoan distortsioak eragiten dizkiguten txikikeriak dira, zu ez beste inork aintzat izango dituenak. Egunkarietako azaletan, baina, nano lerroburu lez ere ez dira agertuko gurean efemeride izango diren horiek, dagoeneko meta egiten diguten egun gorriak.

Izan ere, eta abestiak zioenari jarraituz, nire efemerideak ez daude egunkarietan; bai ostera, autobus edota tabernatan. Egiazki badira gure izate soziala gorpuzten duten jazoerak; eta badira, norbere biltegi emozionala egiten dutenak. Besteak beste, zuek irailaren 11koa gogoratzen zenuten bitartean gu gurasoen ezkontzaren hirurogeigarren urteurrenean geunden irri eta mirri. Zebra bidea zeharkatzean ziztu bizian zetorren autoa seko gelditzerakoan oroitu nuen duela hamarkada batzuetako goiz batean kotxe bat ez zela gelditu. Eta akordura etorri eta atoan ozen esan nuen «gaur nire urtebetetzea da». Metatu egiten zaizkigu gogoratzekoak eta, honezkero, gure izekok ez du urte gehiago beteko. Guztia kolpean, denek egiten dute txondor nire barnean.

Historiako lerroetan ez dira gure bizitzako historiak eta istorioak agertzen. Eta hala ere meta-efemerideak sor litezke halako batean. New Yorkeko dorre bikiak suntsitu zituzten egunean eta milaka gizon-emakume hiltzen ari zirelarik mutil lagunak esan zidan beste bat maite zuela; edo Salvador Allende erailtzen ari ziren bitartean ahitzen ari zen gure amama; edo gogoan dut irratian halakoa entzun nuela harategian oilaskoa erosten ari nintzen bitartean.

Historiarako gelditu diren gertakariek ezin dute gure oroitzapenekin, gure bizitzetako txikikeriak beti irabazle irteten baitira lehian. Agian norberak bakarrik minez ospatzen dituelako, kanta horrek dioen bezala, edo gugan zauriak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.