Blanca Urgell
LARREPETIT

Euskara tindatua

2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Psikologia merkea. Zergatik tindatu ilea gorri-gorriz edo more-morez? Bitatik bat: edo atentzioa emateko, edo mozorrotzeko. Honelakotsuak dira euskaraz bl, dr, fl, gr, kl, pr, tr bezalako muta cum liquida taldeak (MCL), nik uste. Goazen euskararen zain honetan barrena eskafandraz bidaiatzera.

Opinio communis-aren arabera, euskarak ez zituen MCL taldeak onartzen. Latinetiko maileguetan, edo muta desagertu (kl > l: lat. ecclesia > eleiza), edo hurrengo silabako bokala kopiatu zen tartean (brV > bVrV: lat. libru > liburu).

Honetan arras bereizten da latinetik, MCLak eurrez baitzituen. Ostera, latin klasikotik (LK) arruntera (LA) bidean silaba bitan banatu omen ziren, eta gero batzuetan muta desagertu zen: LK in.te.gru > LA in.teg.ru > gazt. entero 'osoa' (ondare zaharreko hitza) vs íntegro (kultismoa). Frantsesez ere lat. petra > pierre-k erakusten digu muta desagertu dela, besteak beste. Beraz, baliteke aldaketa horietako batzuk —edo anitz— euskaran gertatu ez, hizkuntza emailean baizik.

Berriz, euskal hitza bada eta MCL badu, hirutan batekoa da: mailegua (fabrika, trafikoa...), onomatopeia (blaust, brast, dra, glaska-glaska, klask, krik, plaust... ; luzatu nahi adina), edo beste zerbait. Jeje.

Onomatopeiek ilea tindatzen dute atentzioa emateko. «Beste zerbait» taldeko batzuek ere bai: kraka, dritxo 'ditxoa' edo truko 'turkoa' ez dira makalak. Bestetzuk, aldiz, entzuleek hala-hola entzun eta itxurak egiteko mozorrotu bide zituzten, atakatik nola edo hala ateratzeko. Erdara zaila bada, zailago egin dezagun. Maria de Jesus abadesak Mariana Arzallus ilobari idatzi zionean (1622) ia-ia grabagailutik mintzo zaigula, yraglia, yragria, iralguia dio, hidalgia-ren ordez. Alabaina, aldi berean nabrabendasun 'nabarmentasuna' ere badu, nabarmena are nabarmenago egiteko. Adi: denak ere euskaldunek sortutako MCL taldeak dira eta, zer, zuk zein kolorez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.