LARREPETIT

Hausnartzen duen herria ez da inoiz hilko

Goizalde Landabaso
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Filosofoa da Adela Cortina (Valentzia, 1947), eta berari egindako elkarrizketa batean oraindik ere biraka dabilkidan esaldi bat utzi zuen: «Zelan pentsa dezakegu benetan heriotza gaindi dezakegula?». Elkarrizketa horretan zioen egungo gizabanakoak gauzak soiltzera jotzen duela mundua korapilatsuegia delako. Horra heldu nintzen lerroburuagatik: tolerantzia gutxi darabilgun bertutea da. Tolerantzia eta errespetua elkarbizitzarako oinarri ezinbestekoak zaizkigu, baina nik beti daukat zalantza bera, ba ote garen gai tolerantzia eta errespetua gauzatzeko. Zure moduan pentsatzen duenarenganakoa erreza da, ez dizu ezelango sare bako kable gainean ezartzen. Azkenean ia-ia autotolerantzia eta autoerrespetua da. Zer gertatzen da, baina, gure moduan pentsatzen ez dutenekin? Positibismo politiko aroan nago, baina honetan apur bat ezkor naizela pentsa zenezake, dramatikoegia, agian. Uste dut oso gutxi direla bestea ikusten dutenak. Zerorrek froga zenezake: zure pentsamenduaren beste muturrean dagoenarekin patxada betean kafe edo garagardo bat hartzeko prest zeundeke? Hausnartzeko gai den gizarte baten alde egin behar dugu, eta horrek gauza asko eskatzen ditu, heldutasuna eta autokritika, besteak beste.

Sasoi honetan, zeinetan osasun fisikoa, norberarena eta kolektiboarena, jokoan dagoen, denoi sortu zaigu arrakalaren bat hemen edo han. Denborak ematen duen distantzia behar dugu utzi digun zuloa ikusteko. Zaurgarri garela eta edozein momentutan hil gaitezkeela jakin dugunetik psikologoen kontsultak gainezka daude. Meme bitxia jaso dut: AEBetako joan den mendeko krak ezagunaren ostean orgiak antolatu zirela eta ea noiz hasiko ote garen antolatzen. Niri atoan Alice Neel-ek 30eko hamarkadan egin zituen margoak etorri zaizkit (Guggenheimen daude, ikus itzazu erakusketa amaitu baino lehen): New York hiriko aurpegi hilak, deslai kaleetan. Eskerrak positibismo politikoan nagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.