Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Publikoan dauden emakumeak

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ez nuen Paula Bonet ezagutzen haren etxe alboko horma zuri batean bere kontrako esaldia agertu zen arte. Ez dut ondo akorduan zein zen, baina gutxi asko Paula Bonetek eta postmodernoek auzotik alde egin zezaten eskatzen zuten. Orduan jakin nuen idazlea eta marrazkilaria zela, eta bazuela, izan, arrakasta, hots: salmenta handiak, han-hemenka elkarrizketak eta jarraitzaile asko. Duela egun batzuk irakurri dut azken liburuko promozio lanak bertan behera utziko dituela. 2019tik akosatzen duen gizona aske gelditu da, eta bere segurtasunagatik bere burua gordetzea gomendatu diote.

«Zurekin topo egiten dudanean bortxatuko zaitut, eta baita txikituko ere Bartzelonako kaleetan bizi direnen gozamenerako; baina errukia eskatzen badidazu soilik bortxatuko zaitut hirugarren aborturaino». Maitasun hitz samurrak eskaini ohi dizkio Boneti. Etxez aldatu behar izan da baten baino gehiagotan, eta gorabehera handiak izan ditu. 2020an, pandemia bete-betean, Espainiako estatuko 250 emakume publikok manifestu garrantzitsua sinatu zuten. Kazetariak, politikariak, musikariak, antzezleak... alor publikoan egotea zer den dakiten emakumeek sinatzen zuten. Irainak, mehatxuak eta, oro har, era guztietako erasoak salatzen zituzten, soilik, presentzia publikoa izateagatik.

Sare sozialetako inpunitate eremuak erraztu egin ditu erasoak. Publikoan agertzen den emakumea zigortu behar da, askorentzat dagokion mugarria gainditu duelako, espazioak okupatzen dituztelako, ahotsa dutelako. Etenbako eraso hauen normalizazioa salatzen zuten sinatzaileek artean. Gurean, Lisipe bildumari esker ezagutu ditugu emakumezko bertsolarien esperientzia lakatzak (Uxue Alberdik Euskadi Saria lortu zuen Kontrako eztarritik lanari esker 2020an), eta idazleenak Eider Rodriguezi esker.

Paula Bonet eta publikoan ari garen emakumeak zigortu behar dira bere akosatzaile eta enparauen ustez, eta horretan zabalak dira legeen zirrikituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.