Blanca Urgell
LARREPETIT

Mugak eta aldeak

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Farkhana, Bni Chiker, Segangan, Chemlala. Gurugu mendiaren inguruan mapan irakurtzen ari naizen izenak dira, Espainiako eta Marokoko erresumen Melillako mugaz bestaldekoak. Xauen idoro nahi, eta Marrakex, baina lehenago aurkitu dut Fez, eta ohartu naiz ez nekiela garbi non zeuden. Ahaztu apika. 84an joan ginen ikasketa-bidaian: orduak eta orduak autobusean; gauak kanpinetan. Bidaiaren prezio merkeak eta exotismoak irabazi zuten bozketa —haxixak ere bai, egia esanda—, Mallorcaren kontra-edo. Ez zegoen orduan hondartzako turismorik han, edo nik ez nekien behintzat.

Berbereen gizatalde baten izenetik omen datorkie izena Nador eskualde eta hiriari. Melilla ere amazigeratik bide da, Tamlilt 'Zuria'-tik diotenez, bertako harriaren koloreagatik.

Saharaz beheitiko herrialdeetatik etorri banintz, Nadorren erraz urte parea ere emanda, etsi-etsian, hura utzi eta Melillan sartu nahi nuke. Noizbait sartu. Nolanahi sartu. Handik edo hemendik. Ihesaldiaren zoroak eramanda balitz ere. Aurrean jausi zaizkidan lagunen gainetik balitz ere. Alde bateko eta besteko polizietatik itzuri beharrez. Oihu batean.

Ostiraleko argazkietan, ordea, hotsak oro amaitu dira. Bienvenu, Saidou, Mammadou-eta ikusten ditut lurrean dautzan gorputz horietan, eta gorpu horietan. Afrikar gizonak, gazte, gihartsu, harroak, beti-beti-beti garbi eta polito jantziak. Ondo heziak.

Ez baneki hona etortzeko zer-nolakoak pairatu behar izan dituzten. Ez baneki zenbat lagun gelditu zaizkien bidean: anaiak ere batzuetan. Ez baneki, ostiralaz gero jakin beharko nuke Nadorren hobia partekatuko duten horiek gure nebak izan litezkeela, gure lehengusu edo semeak.

Ez bageneki gauza zertan den: bizpahiru egun geroago Google-ren bilatzailean «Nador» jarriz gero algoritmoak erabaki du bertako turismoko berriak eta argazkiak (ia) bakarrik agertzea. Beti bezala «ia» horretan dago aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.