Blanca Urgell
LARREPETIT

Galdu naiz, ai!

2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Axularren atalera heltzean ikasleei esan ohi nien euskaraz idatzi eta argitaratzeak bizitza luzea izateko asegurua dirudiela: Etxepare 80ren bat urterekin hil bide zen, Leizarraga 95ekin eta Axular 88rekin. Orokorpen honek irriño bat sortzeaz beste xederik ez zeukan, baina 2004tik aitzina Lazarraga zein adinetan hil zen ezkutatu behar nuke, berriz txantxa bera egin nahiko banu (ez da ezinezkoa).

Oihenart ere ez zen lehen erraldoi haien adinera heldu, 76ak bete gabe hil baitzen Lehoiaren zeinuaren azpian jaiotako poeta eta euskalari handi hura. Elizgizona izan ala ez izan, honek ere baduke zerikusirik eta.

Gerra ez suertatzea ere ez da baldintza makala. Lauaxeta 32ak bete gabe hil ziguten hemen, Gasteizen, frankistek. Hirugarren Karlistaldian granada batek akabatu zuen Bilintx (1831-1876), maleruski etxeko leihotik sartuta. Lan-istriputzat hartuko genuke gaur, berriz, Martin Hiribarren lapurtarrarena: sagrarioak atzamarra harrapaturik tetanosak eraman baitzuen ni baino gazteago zelarik. Villasanteren Historia de la Literatura Vasca ezinbestekoa zen garaiko puskak dira hauek, Gruyère gaztako memoria honetan atxikiak.

Emakumeetan Tene Mujikak marka zaila utzi du (1888-1981). Haatik, atzerago eta urritu ez ezik, datuak bilatzea ere zailago. Bizenta Mogel 63 urterekin zendua dugu (1782-1854), ez jakin nola. Berdintsu Estibalitz Sasiola debarra, jaiotza-data ezagutzerik balego (1550 baino lehen - 1611). Artean, gazteago hil zen Juana Inés de la Cruz poeta mexikar handia (1651-1695), Arantzazuko Ama Birjinarentzat hitz ederrok ondu zituena, kode-aldaketaren adibide goiztiar gisa: «Guazen galanta contigo / guazen nere lastana / que al cielo toda Vizcaya / has de entrar. // Galdu naiz, ai! que se va. / Nere vici gucico galdu naiz».

Zer, irakurle, nirekin galduko zara, munduko zaratatik at, Asbaje anderearen harmoniak kulunkatua?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.