Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Jendea

2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Jendea urrun dago, oso urrun. Jendeaz ari garelarik ahaztu egiten zaigu gu ere jendea garela; baina ez zaigu gustatzen gu jendetzat hartzea. Gu bereziak garela uste dugulako, behintzat jendea ez garen bitartean. Baina noiz edo noiz gu ere bagara jende. Pintzel potoloa erabili ohi da jendeaz ari garenean, eta normalean gauza asko du amankomunean jendeak, denak berdinak baitira. Topikoz jositako aurpegi bakoak gara. Begirada miopea eskatzen du jendeak, zirriborro antzekoetan galtzen diren formak. Jendeak ez dauka izen-abizenik. Identitatea multzoarena da eta han gertatzen direnek ez digute min askorik egiten; urradura azalekoak izaten dira, eta sekula ez dute gurekin zerikusirik. Jendeak ez du historiarik ez istoriorik. Distantzia emozional horretan eroso bizi da norbera, eta jendeari gertatzen zaizkion gauzarik lakarrenak kristalaren atzean gertatzen dira.

Zer gertatzen da, baina, jendeak izen-abizenak janzten dituenean eta, hara ustekabea, zure ezagun bilakatzen direnean?

Oso denbora gutxian auto istripu bi izan dira Bilbo aldean. Latz-latzak biak. Ziztu bizian zihoan auto batek harrapatu eta hil du futbol partidatik lagunekin zetorren gizona. Abiaduraren abiaduran, autoaren kontrola galdu zuen gidariak bere umea zeraman erietxera, premiazkoa zen. Bigarren istripuak ere istorio gordinagoa du. 85 urtekoak gidatzen zuen autoak harrapatu du emakumea eta hau hil. Istripu bi horien berri izan nuenean bizitzaren lakatzaz pentsatu nuen. Kasualitate zenbaitek eraman zaitzakete heriotzara istant batean. Zorigaitzaren mina imajina nezakeen, alde guztietan.

Hedabideek ez dituzte, normalean, izen-abizenak jartzen, eta beraz, hildakoak jendea ziren. Miopia atoan desagertu zen hildakoen izen-abizenak jakiterakoan. Bat ezagutzen nuen herritik, eta bestea, berriz, lagun baten ahizpa zen. Hain modu sinplean uzten diogu jende izateari, nor bilakatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.