Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Giza itsasgarriak

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Gurasoen etxebizitzan 50 urtetik gora leku berean daramatzaten auzokideak daude. Auzokide izatea bada giza harremanetan zelanbaiteko kategoria izatea. Batzuekin loturak estutzen dira, besteekin ez hainbeste, baina denbora luzean eraikina konpartitzeak eman digu /eman die leku bat norberaren historia emozionalean. Zenbat ordu ez ditudan nik pasatu auzokideen etxeetan gurasoen azpiegiturak kale egiten zuenean. Elkarri laguntzea zen gakoa. Bizi naizen etxean ere saiatzen naiz lotura horiei eusten, eraikin konpartituak erlauntz isolatuak baino gehiago izan behar direla uste dudalako. Auzokidetasuna (batzuetan, bai, auzokeria) aldatu da, baina pandemia ditxosozkoak agerian utzi du sareak behar ditugula. Besteak behar ditugula. Besteek behar gaituztela.

Swinburneko Unibertsitate Teknologikoak eta Manchester eta Brigham Young unibertsitateek bultzatuta, ikerketa bat egin zuten pandemiak gugan eragindakoa ikusteko. 2020an eman zituzten ondorioen artean ziotenez, dozena erdi auzokiderekin harremana tinkatzeak ongizatea dakar, eta giza kohesiorako ezinbestekoa da loturak estutzea. Pandemia garai ona izan da giza ikerketak egiteko, eta Australiako Unibertsitate Nazionalak ere eginak ditu. Melbourne hiria hartu zuen ikerketa leku. Ondorioak duela gutxi kaleratu dira. Depresioari, bakardadeari eta antsietateari aurre egiteko ezinbestekotzat hartu dituzte auzokideen arteko hartu-emanak. Itsasgarri soziala da. Kolektiboa, berriro. Elkartasuna, ahizpatasuna, kidetasuna.

Horregatik harrigarria egin zait UPS enpresari Espainiako Datu Babeserako Agentziak ezarritako isuna. 70.000 euroko isuna, jasotzailearen ordez auzokideak hartu zuelako paketea. Jasotzaileak jarri ei zuen salaketa. Eta lerro hauek baliatuz esan nahi dut nahikoa bakanduta gaudela dagoeneko, sareen indarrean sinesten dudala, eta arazorik ez dudala (izan ere, egin izan dut) auzokideen paketeak hartzeko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.