Blanca Urgell
LARREPETIT

Etxeko piperrak

2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Seme-alabak txikiak zirenean sukalde arinaren bossa nintzen. Bazkaltzeko beranduturik, arroza uretan berotzen jarri eta bitartean hozkailutik eta armairutik hartu ahala hartu, atuna, ganbak, ilar izoztuak, azenarioa, piperra, tipula, berakatz eta olioa zartagi handian ipini sueztitzen (eskerrak hiztegiari), espeziak bota, dena nahasi eta voici le plat du jour!

Esker onekoak ziren. Piperragatik izan ez balitz! Nagusiari gustatu ez, eta beti plater bazterrean uzten saiatu bera. Txikiak ere haren mainak ikasi eta, zer egingo gerra bizia nahi ezik?

Piperraren ezaugarri nagusietan polimorfia dago: pipermorroak, Lodosako pikilloak, Gernikakoak, Ibarrako piperminak, Ezpeletakoak eta gaurtxe deskubritu ditudan Angelukoak lekuko (axoa janda nago, baina: zenbat ezjakintasun munduan, #aisue).

Hizkuntzaz ari garelarik, piperrek bezainbeste ez bada ere, polimorfia ederra du soziatibo kasuak, adibidez: ekialdetik hasita, -kila edo -kilan, -ki, -kin eta-gaz, bost forma hartzen ditu gaur egungo euskaran (gehi-kien XVII. mendekoa aintzat hartuko bagenu). Polimorfikoa da ergatibo plurala (-ak mendebaldean, -ek ekialdean), destinatiboa (lagunarentzat, lagunarendako), alatiboa (etxera,etxerat, etxealat), eta abar. Eta superpolimorfikoa zen aditz iragankorren laguntzailea araberan: Lazarragak berak bakarrik honako forma hauek zituen elkarrekin: dot, deut (eta deudan), det eta dut, singularreko 1. pertsonatik atera gabe.

Elkarrekin ulertzeko askok unimorfia nahiago, hizkuntza bakarra munduan, euskara bakarra idatziz, hitz bat eta bakarra terminologian. Alde onak baditu honek, zeinek duda, baina alde txarrak ere bai. Dena zuri-beltzean ikustea, hauxe txarrena.

Seme-alabek ez zekiten, baina piper zatitxoak plater bazterrean gelditu arren, piper-zaletasuna arrozak berekin zeraman. Bai eta derrigorrezko uniformiaren aurkako piperbeltz hautsak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.