Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Protokoloak

2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Badugu zelanbaiteko protokolorik, Euskal Herriko administrazio publiko ezberdinetan, estralurtarrak badatoz? Irrigarria gerta dakizuke, jakina, baina egunotan Star Trek ikusten burutazio hori izan dut. Eta hor nonbaiten dauden horiek denak Lur planetara baletoz eta Euskal Herriko lurraldean agertuko balira? Demagun Urepeleko artzainaren lozorroan, edota Erandioko pasealekuan iluntze batean? Sekretupean bada ere, bada nonbait protokolorik? AEBek badute. Izan liteke zinemagintza eta sci-fi-n oso aurreratuta daudelako, baina, batetik, Coloradon galaxia-defentsarako gunea atondu ei dute. 17.000 milioi dolar. Bestetik, berriz, estralurtarrak agertzerakoan zelan erantzun, nork egin harrera, zein hizkuntzatan… plana badute.

Avi Loeb Harvard-eko astrofisikaria da eta honen inguruan eszeptizismo handia dagoela esaten du, baina berak, badaezpada, badu plana. Stephen Hawking gogoan —honek ohartarazi baitzuen Christophorus Columbus-en moduetatik (eta Lope de Agirrerenetatik) urrun, hobe—, zerrenda zale naizen aldetik bat egin dut. Lehendabizi harrera hizkuntza: nik, zalantzarik ez. Lurreko hizkuntzarik ezagutuko ez dutenez, zergatik ez erabili euskara? Agian ulertuko duten bakarra da. Armarik ez. Zertarako? Guregana heldu badira, seguruen, gaitasun handiagoa izango dute. Jatekorik, bai. Gose badira, hobe hozkailuan oilaskoa izatea jan dezaten, eta ez norbera izatea oilasko. Mapamundi bat badut, baina egia esan planeta ondo ederto ezagutuko dute, eta gutxiago Euskal Herria, beraz, irudi ederrak dituen argazki liburu horietako bat lortu behar dut. Bai, dut. Izan ere, norbaitek pentsatzen badu estralurtarrek zuzenean agintaritzara joko dutela, jai dute. Geopolitika lurtarraz ezer gutxi jakingo dute (eta hobeto), eta, ziurrenen, zu eta biok bezain arrunt diren pertsonengana joko dute. Hizpide zerrenda bat ere pentsatu behar dugu, gauza sinplea. Baina plana behar dugu, ala honetara ere belu helduko gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.