Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Argazki zaharrak

2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Zapata kutxa batean sartuta ditut argazki pilo bat. Bizitza mordoa, esango nuke. Lehengoan, paper baten bila nenbilela, apaletik jausi zen kutxa zaharra, apurtu, eta argazki guztiak sakabanatu ziren. Ahaztu egin nuen bilatzen ari nintzen papera eta argazkiak batzen hasi nintzen. Mundurik mundu, aspaldiko ni batzuk zeuden hor. Beste noizbait izandakoak ere bai; asko, dagoeneko, bizitzak edo heriotzak eraman dituenak. Argazkiak denboran izoztuta geratu diren liparrak dira. Une iheskorrak, zenbaitetan oroimena astintzeko balio dutenak; eta denbora pasatzen dela ohartzeko ere bai. Egunen batean denbora horixka jarriko da nire argazkiaren gainean, zioen Miguel Hernandez poeta espainiarrak.

Kontua da lagun batek argazki zahar bat oparitu didala, 1902. urtekoa. Denbora horixka du argazkiak, baina ondo argi ikusten da emakume ezezagun bat. Ez naiz gai sentitzen zenbat urte dituen adierazteko; hogeitaka urte, agian berrogeitaka. Zuriz jantzita doa eta iduneko berezia darama, etnikoa edo. Emakume indartsua da, begirada sendoa dauka eta ilea baturik badarama ere, ileek ihes egiten dute motots inperfektutik. Esango nuke goi mailako emakumea zela, aristokraziakoa. Argazkilariaren izena dakar aurkezpen postala dirudienak: C. Essenhigh Corke. Badirudi Londresen zuela argazki estudioa, baina Kent aldekoa zela. Gustatzen omen zitzaizkion baratzeak eta loreak, eta margolaritzan islatzen zituen. Baina jendearen erretratuak ateratzen zituen (XX. mendearen hasieran ere bizi behar zuten sortzaileek). Artean Errege familiaren argazki batzuk ere egin zituen. Ez dut, baina, emakume misteriotsu honen arrastorik aurkitu. Argazkia ikusita Karen Blixen (edo Isak Dinesen) etorri zait gogora. Berak zuen ausardia berbera dakusat haren begietan. Argazki bat oparitzen dizutenean mundu bat oparitzen dizute, edo istorio bat, edota misterioa argitzeko bide bat.

Momentuz, bilaketan jarraitzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.