Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Kuantikoa

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Nerabe nintzela jaso nuen lehendabiziko informatika lezio ahaztezina. Irakasleak izerdi patsetan amaitu zuen, eta guk ez genuen ezertxo ere ulertu 0 eta 1 zenbakien arteko dantza horretan. Urte asko geroago, beste ordenagailu batek nire ezjakintasuna agerian utzi du. Honetan ere ezjakintasun kolektiboa. Mahai inguru batean hasi zen kontua. Donostiara ekarriko duten ordenagailu kuantikoa ea benetan hain garrantzitsua ote den. Sakelakoen demokratizatze sasoian jakintza (zati bat behintzat) hortxe dago, bit-etan zain. Mordoxka bat artikulu irakurri genuen. Ezagutzen ditugun ordenagailuak bit-ekin dabiltza, baina kuantikoa, ostera, kubit-ekin. Egun darabiltzagunekin alderatuta askoz gaitasun handiagoa dute, askoz bizkorragoak dira. Hortik gora, argigarriak diren gauza gutxi gehiago. Nik atera nuen ondorioa da albistea idatzi zutenek ere ez zutela ulertu. Izan ere, ez da erraza.

Han eta hemen galdetu dut. Bit eta kubit-ena oso argi iltzatu zaigu; hortik gora, baina, kopla asko. Lankide batekin hitz egin nuen arte. Bere ezjakintasuna aitortu zidan arren, zenbait gauza argi zituen. Jakin nuen, hasteko, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban kontu kuantikoaz arduratzen diren enpresa batzuk badirela. Jarraitzeko, ordenagailu kuantikoa handia dela, eta delikatua, eta neurriko gordegailua behar duela. Munduan izango den seigarrena da bertora ekarriko dutena, eta, azaldu zidanez, laster dena egingo du kuantikoak, eta «gurean badago, hobeto». Are gehiago, «herrigintzatik» aukera bikaina dela esan zidan. Artega utzi ninduen zera bat ere esan zidan, amaieran, horrela, lausoki: «Esku gaiztoetan geldituz gero...». Espioitza film maiteak ekarri zizkidan gogora. Gaur eguneko ordenagailuek zail dute pasahitzak asmatzeko; kuantikoak, berriz, atoan egin lezake. Esku gaizto eta esku onak.

Mundua mudatzen ari zaigu begi aurreetan; historia izangodiren jazoeren lekuko gara. Ondo pentsatuta, betiko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.