Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Amildegirantz

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko abenduak 16

Kataluniako gatazka politikoan tentsioak nabarmen egin du gora azken asteotan. Eta katarsirako elementu guztiak ari dira pilatzen egunak igaro ahala: ekainean Madrilgo zentsura mozioak ekarri zuen barealdia ia amaituta dago, asteon Pedro Sanchez Espainiako presidenteak parlamentuan egindako hitzaldi gogorrak agerian utzi duenez. Andaluzian faxismo esplizituak erakutsi duen indarrak nazionalismo espainiarraren oldarraldia ekarri du, PSOEren baitako jarrera jakobinoenak pizteraino. Testuinguru horretan ate-joka dago prozesu independentistako buruzagien aurkako epaiketa, eta, tentsioa areagotzeko, preso politikoen gose greba dago. Jordi Turull Lledonerseko espetxeko erizaindegian da lerrook idazteko unean.

Euskal Herrian baino nabarmenago egon dira historikoki harreman estuak ERC eta PSCren artean. Iazko urriko esperientziaren ostean, eta Espainiaren oldarrak ekarri dion shock-ak astinduta —buruzagi nagusia espetxean, zuzendaritzako beste kide garrantzitsuak ere preso edo erbestean—, ezker independentista tradizionalaren sektore horrek bide hori saiatzeko ahalegina egin du. Independentista asko urduritu eta haserrearazi ere egin ditu jarrerak: erreferendumera bitartean lan handiena egin zutenek (eta gerora errepresio gogorrena jasan dutenak) azken hilotan erritmoa moteltzearen eta beste bide batzuk lantzearen alde egin dute. Oinarria zabaltzea zuten lelo berria, CiU zaharretik ahal beste urruntzeko disimulu gutxi izan dute, eta ziur aski Carles Puigdemonten beraren irmotasunak ekarri du iaz piztutako pultsu independentistari eustea. Duela urtebeteko hauteskundeetan inkesta guztiak gaindituz ERCren aurretik geratzeak indarra eman zion, eta handik hilabetera Roger Torrent parlamentuko presidenteak bozketaren atarian atzera egiteak agerian utzi zuen urte osoa markatuko zuen zatiketa hori.

Batzuek argudiatzen dute lehendik ere bazegoen zatiketa baino ez zela, independentziarako bi estrategia baino ez direla, eta oraindik ere elkarrekin daukatela gobernua. 155. artikulua indarrean zen, autonomiarik gabe zegoen Katalunia eta Espainiako indar nagusiak bat zetozen Katalunia zigortzeko: une batean, Ciudadanos bera bihurtu zuten inkestek —edo hedabideek— PPri aurre egin ziezaiokeen alderdi bakarra, PSOEren aurretik. Baina ustelkeria kasuek ekarritako zentsura mozioak hori guztia aldatu zuten. 155. artikulua babestu zuen PSOEren aldeko botoa eman zuten independentistek, eta hitz goxoekin hartu zituen presidente berriak. Tonu aldaketa berehalakoa izan zen, giro itogarri hartan askok estimatu zuten. Baina hitzak baino ez ziren. Moncloatik mugitzen dituzten hariek ekarri dutena: fiskaltzak eskatzen duen 25 urteko espetxe zigorraren ordez, Estatuko abokatuak gutxienez 14 urteko espetxe zigorra eskatzea Oriol Junquerasentzat. Espainiarrek Sanchezen jardunaz iritzia eman duten lehen aldian, zigortu egin dute, eta nazionalismo basatiena hauspotu, PSOEren baitan ere ondorio nagusia Kataluniarekin goxoegi jokatu dutela omen da. Hortik eskuinera, 155. artikulua era basatian ezartzeko mezuak datoz: epe luzekoa, eta TV3 ere kontrolpean hartuko duena. Espainiako errezeta zaharra.

Datorren hilean hasi nahi duten epaiketa 1968ko Burgosko Prozesuarekin alderatzea ez da hutsala, orduan bezala preso politikoek erregimena bera auzipetzea lortzen badute. Gose grebak isiltasun informatiboa izan du Espainian, ohiko itsutasuna, baina Jordi Turullena abiapuntua baino ez da. Egun gutxian are nabarmenagoak izango dira lau grebalariengan ondorio fisikoak. Gizartean tentsioa erabatekoa izango da, eta Espainiak ez dauka erantzunik, ohi duenez. Euskal Herrian badakigu zerbait muturreko protesta molde horri buruz; laster hasiko diren irainen aurrean, begirunea eta elkartasun osoa adierazteko unea da.

Ez dago iazko iraileko ilusiorik Katalunian. Amorrua eta haserrea dira nagusi. Katalanekiko begirune osoz, ez dut uste analisi okerregia denik xaloegi jokatu izana iriztea. Espainiako estatuaren erantzuna gutxietsi zuten, 1898tik parean daukan erronka handienaren aurrean tradizio demokratikoko Europako estatu batek bezala jokatuko zuelakoan. Katalunian lilura desagertu da, eta Espainian, ahalik gogorren jotzearen aldeko nazionalismo ultra eta xenofoboa sektore guztietan ari da zabaltzen. Ostiralean, iazko hauteskundeen urteurrenean Pedro Sanchezek Bartzelonan egingo duen gobernu bilerak protestarako dei ugari ekarri ditu. Tentsioa gora doa, eta polarizazioa erabatekoa da. Sezesio prozesu gehienetan dagoen fenomenoa da polarizazioa, zentroaren eta eskualde independentistaren arteko zubiak lehertzea, eta irtenbide bakarra sumisioa edo independentzia izatea. Eslovenian badakite zerbait horri buruz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Errskate zerbitzuak Kherson eskualdeko bizilagunak ebakuatzen. ©GEORGE IVANCHENKO / EFE

Gutxienez bost pertsona hil dira presa suntsitzearen ondorioz

Jone Bastida Alzuru

Zelenskik salatu du Errusiak erasoak egiten jarraitzen duela erreskate lanetan ari diren bitartean. Nazio Batuen Erakundearen arabera, presa suntsitzearen ondoriozko kalteak areagotu egingo dira datozen orduetan.

Erasoa izan den parkearen irudia. / ©Google Streat

Gizon batek zazpi ume eta heldu bat zauritu ditu labanaz Annecyn

Imanol Magro

Umeetako hiru larri daude, ospitalean. Frantziako Poliziak erasotzailea atxilotu du.

Mike Pence AEBetako presidenteorde ohia, iragan martxoan Washingtonen egindako agerraldi batean ©Jim Lo Scalzo / EFE

Mike Pence presidentegai: «Beste garai batzuek beste lidergo bat eskatzen dute»

Ander Perez Zala

AEBetako estatuburuorde ohiak iragarri du Alderdi Errepublikanoaren primarioetan lehiatuko dela. Urteotan Trumpengandik urrundu da, eta asko kritikatu du; batez ere, Kapitolioko erasoan izan zuen jarreragatik.

30 migratzaile baino gehiago, 'Nadir' gobernuz kanpoko erakundeko itsasontziak erreskatatu ostean, matzean, Lampedusan, Italian. ©Concetta Rizzo / EFE

Italiako kostazainek 1.400 bat migratzaile erreskatatu dituzte Itsaso Jonikoan

Mikel O. Iribar

Herenegun eta atzo egin zituzten operazioak, Frontexen laguntzarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...