COVID-19aren txertoei patentea eteteko zirriborroa adostu dute

EBk, AEBek, Indiak eta Hegoafrikak sinatu dute aurreituna. MMEko kideen onespena behar du

Kenyako erizain bat emakume bati koronabirusaren kontrako txertoa jartzen, Nairobiko ospitale batean. DANIEL IRUNGU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Urtebeteko blokeoaren ostean, COVID-19aren kontrako txertoaren patentea behin-behinean indargabetzeko aurreakordioa lortu dute EB Europako Batasunak, AEBek, Indiak eta Hegoafrikak. «Aurrerapauso handia da», Ngozi Okonjo-Iweala MME Munduko Merkataritza Erakundeko zuzendari nagusiaren esanetan. Baina gaineratu du «lan handia» dagoela egiteko, akordio zirriborro hori indarrean jar dadin beharrezko baldintza baita proposamenak MMEko 164 kideen oniritzia izatea. Hau da, estatu kide bakar baten kontrako botoa nahikoa litzateke hura zapuzteko.

EBren, AEBen, Indiaren eta Hegoafrikaren arteko konpromisoa MMEk bere egingo balu, aukera emango lieke estatuei koronabirusaren kontrako txertoa beren kabuz ekoizteko. Batez ere herrialde pobretuei egingo lieke mesede, sarbidea emango liekeelako mRNA motako txertoak ekoizteko teknikei. Hain justu, baliabide ekonomiko urrienak dituzten herrialdeetan txertatze maila nabarmen txikiagoa da herrialde aberatsenen mailarekin alderatuta, behar zuten txerto kopurua eskuratzeko izan dituzten zailtasunengatik.

Laukoaren proposamenak, ordea, zenbait muga zehazten ditu. Horietako bat da produkzioa ez dela libre izango estatu guztientzat. COVID-19aren kontrako txertoen mundu mailako esportazioetan soilik izango dute horretarako aukera, iaz kopuru osoaren %10 gainditu ez zuten herrialdeek. Baldintza horrek kanpoan utziko luke Txina.

Bestalde, laukoaren proposamenak ez du zehazten patenteen indargabetzea hiru ala bost urterako izango litzatekeen. Zirriborroaren arabera, MMEk sei hilabeteko epean erabaki beharko luke jabetza eskubideen behin-behineko indargabetzea diagnostikoetarako eta tratamenduetarako osasun baliabideetara ere hedatuko ote duten.

Farmazia sektorea, aurka

IFPMA Ekoizle eta Elkarte Farmazeutikoen Nazioarteko Federazioak gaitzetsi egin du egitasmoa. Haren iritziz, patenteen eteteak kalte egingo lioke enpresa farmazeutikoek «etorkizuneko krisiei erantzuteko» duten ahalmenari. «Patenteak orain malgutzeak, COVID-19aren txertoak hornitzeko arazorik ez dagoenean, okerreko mezua bidaltzen du», Thomas Cueni IFPMAko zuzendari nagusiaren iritziz.

Herritarren Txertoen Aliantzak, berriz, salatu du proposamena ez dela behar bezain ausarta. 90 elkarte baino gehiago biltzen dituen koalizioaren ustez, ez ditu aintzat hartu jabetza intelektualari lotutako zenbait muga; merkataritza sekretuari dagozkionak, esaterako. Patenteen indargabetzea tratamenduetara zabaltzeko beharra ere nabarmendu dute, «milioika bizitza» salbatzen lagunduko duela iritzita.

EBk, AEBek, Indiak eta Hegoafrikak joan den astean azkartu zituzten negoziazioak, eta atzo egin zen publiko lau horien konpromisoa. Indiak eta Hegoafrikak 2020an aurkeztu zuten txertoen patenteak behin-behinean indargabetzeko proposamena MMEn, pandemiaren hasierako hilabeteetan, baina zenbait herrialdek blokeatu egin dute horretarako bidea; besteak beste, Suitzak eta Erresuma Batuak. Enpresa farmazeutikoek pisu handia dute bi herrialde horien ekonomietan.

Asia ekialdean, kasuak gora

Koronabirus kasuek gora egin dute munduan lehenengoz azken bost asteotan, Asia ekialdean izan diren agerraldiek bultzatuta. OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo jakinarazi zuenez, 11,4 milioi kasu atzeman ziren munduan martxoaren 7tik 13ra bitartean; aurreko astean baino %8 gehiago. Hildakoen kopurua, ordea, %17 murriztu da. 43.000 zenbatu dituzte orotara.

Asia ekialdeko kasu gorakadak eragin du joera aldaketa. Kopurua %29 handitu da han. Europan ere igoera izan da, baina askoz ere txikiagoa: %2koa. Amerikan, Asia erdialdean eta Ekialde Hurbilean nabarmen egin dute behera; %20, %21 eta %24, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.