Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ezin astindu

2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Zaila egin zait aste honetan koronabirusari ihes egitea. Ziurrenen, zuri zeuri ere gauza bera pasatu zaizu. Nik ez dut lortu. Izaki nano batek etxeratu gaitu denok, milioika munduan, eta izua, edota graduazio ezberdineko enparauren bat, barreiatu zaigu, onartzen ez badugu ere. Beldur kolektiboak haizatu ditu, eta pare bat bakan ere bai. Etxeratze derrigortuan nagoenetik desorduetan zegoen isiltasun maitatua desagertu da nire bizitzatik, eta etxe ingurutik. Beti dago; ahots bat, doinu bat, garrasi bat, zarata bat, finean. Eskumakoek ume asko dituztela jabetu naiz; eta azpiko bikotea etengabeko eztabaidan bizi da. Norberaren intimotasunak urradura txikia izan du, baina hau gutxienekoa da, jakina. Bizi naizen inguruko etxeetan bizilagunak daudela deskubritu dut, ohiko egunerokotasunak urruntze agindua ezartzen du gure artean baina orain badakigu hor beste bat dagoela. Albistegietan gai bakarra dago, eta albisteen bazka irensteko joera duen honi, honezkero, enpagua ematen dio gehiegizko jarioak. Ez dut honekinukatu nahi bizi dugunaren larritasuna, baina informazio gaindosi honek beste albisteen bilatze etengabera bultzatu nau, eta sekula santan pentsatuko ez nuenetara ere bai. Hala eta guztiz ere, hau lan gaitza izan da. Munduaren zati bat gelditu du birus honek, baina gauzak gertatzen dira oraindik ere. Esaterako, azken asteotan Adam Castillejo izenak izan behar zuen albiste luzea, soka dakarren horretarikoa. Venezuelarra da, eta hogeita hamar hilabete daramatza erretrobiralak hartu gabe. Hau, berez, ez da albiste. Garrantzitsuena da GIB birusa zuela eta 30 hilabete direla birusaren zantzurik ez duela. Alegia, sendatu egin dela. Bigarren pertsona da 2011n Timothy Brown osatu zenetik. Juan Carlos Borboikoaren diru lohiak edota bizimodu hobeagoaren bila Europara etortzen jarraitzen duten etorkinak ahaztu ditugu.

Beldur handiagoa dugu agendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.