Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Matrix ala gau txarra?

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Errealitatea ez da existitzen. Gauaren erdian esnatu ninduen ideia honek eta mesanotxean dudan koadernotxoan apuntatu nuen. Goizeko laurak, jaieguna, eta bueltak eta bueltak eman arren ezin loak hartu. Esaldia oihartzuna zen, hots, zerikusia zuen aurreko arrastian antzezlan bat ikusi ostean lagun artean izan genuen ideia trukaketarekin. Liluratuta zegoen lagunetako bat; niri, ostera, istorioak nahikoa indar ez zuela begitandu zitzaidan. Zaharrak berry, Ana Morales itzultzaileak dioen bezala. Edozelan ere, ordu txikietan gauaren isiltasunean, zer inporta du errealitateak? Sakelakoan begiratzen hasi, eta jauzika ezagutu nuen Alessandro Fedrizzi. Berak Eskoziako Heriot-Watt unibertsitatean lan egiten du, fisikoa da, eta egin zuten ikerketa batean zera ondorioztatu zuten: pertsona bik jazoera bera ez dute berdin ikusten. Alegia, egitate objektiborik ez dagoela, eta horregatik pentsatzen dute errealitatea ez dela existitzen. Ez zitzaidan arraroa egin, baina gauaren isiltasuna izan zitekeen. Handik jauzika beste zientzialari bat ezagutu nuen: Rizwan Virk. Hau Massachusetts-eko MIT-en bideo jokoen garatzailea da. Berak uste du Matrixen bizi garela. Bizi dugun dena, Lurra eta unibertsoa eta gure bizitzak, jokalari anitzeko rol joko erraldoia dela. Gu zelanbaiteko AI (artificial intelligence) batera konektatuta gaude. Are gehiago, Rizwan Virken analisien arabera gure bizitza simulazio bat izateak gu izaki biologikoak izateak baino probabilitate handiagoa du. Science Advances aldizkarian kaleratu du.

 

Teoria batek beti egiten duenez ispilu, Oxford-eko Unibertsitateko zientzialari talde batek, Zohar Ringel tartean, ezetz ebatzi dute. Uste dute horrelako IA bat sortzeak egun unibertsoak dituen baino askoz atomo gehiago eskatuko lukeela, eta «bitxikeria kuantikoak» onar ditzakeen algoritmorik ez dagoela. Ez dela posible. Laburbilduz: bihar hobeto egingo du lo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.