Goizalde Landabaso
LARREPETIT

'Iflandia'

2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ez dut hemen irratian egiten dudan lanari buruz idazten. Leiho hau beste gauza batzuetarako tokia dela pentsatzen dut. Beharbada horregatik sekula ez ditut irrati-kontuak hizpide izan. Gaur, baina, salbuespen bat egin behar dut. Izan ere, kulturaren lurralde bat mututu da. Iflandia amaitu da. Jakina, sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, eta egongo da kulturarentzat beste territoriorik, baina ez hau. Bizitzak une ezberdinak izan ohi ditu, eta Kike Martin (Felix Linaresekin batera lurraldearen sortzailea izan zena) erretiroa hartzear dago. Eta lerrook baliatu nahi nituzke euren gainean edota eurekin lan egiteari buruz idazteko, hain zuzen ere, tarte batez ni ere izan nintzelako lurralde abegikor horren zati. Artxipiélago izena eman behar zioten, baina ez dakit zergatik Iflandia gelditu zen azkenean. Uste dut asmatu zutela, kultura beti izan delako apur bat baldintzazkoa. Oraindik ere badelako; bazterreko, bestelako eta gutxiengoarentzat. Iflandia eremu librea izan da niretzat, kultura modu askean jorratzeko tokia. Eta hori beti eskertuko diet Felix eta Kikeri.

«Vamos allá» (goazen!) esaten zuen Felix Linaresek beti,eta mikrofonoak zabaltzearekin batera denetarik gerta zitekeela bazenekien, baina batez ere, bidaia-lagun ezin hobeak zenituela ere bai. Lanean lana uste du askok, baina niri lanak adiskide onak eman dizkit, eta beti pentsatu dut zoazen leku orotatik bizkar zorroan sartu beharreko garrantzitsuena pertsonak direla. Beste dena atrezzoa baino ez da, denboraren joanean oroimenak gandutuko duena. Harreman onak eta adiskideak, ordea, zurekin daramatzazun altxorrak dira. Eta horrekin geratuko naiz beti. Mikrofonoaren aurrean konpartitutakoarekin, baina batez ere, hortik kanpo egindakoarekin.

Zorionez, lehenengo zatia (Kikeren kasuan) amaitu bada ere, bigarrena daukagu. Hortaz, biba Iflandia; garaipenera arte beti!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.