Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Portzierto, sukaldatuko dugu

2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Zuzentzaileak ez dit marra gorririk jartzen epidural hitza idazten dudanean. Eguneraketa, anbibalente, txantxiku, chef, allegro, bukanero, espoliatu, pegatina eta mojito idazten ditudanean ere ez. Nabarmen zaharkitua dut zuzentzailea: geoparke, koronabirus, brik, jaraunsgabetu, nutrizional, interkonekzio, prostitutu, alopezia, erraketista, foie eta heteropatriarkal idazterakoan marra gorria agertzen baitzait. Euskaltzaindia etorri beharko zait erabiltzen dudan ordenagailuan ordena apur bat jartzera. Portzierto eta ofet, portzierto-rekin ere marra gorria ezartzen dit (baita ofet elearekin ere). Solasaldi atseginak eman dizkit Euskaltzaindiak onartu berri dituen berben kontuak: immatrikulatu, remake, router, show, jubilatu, zupada, tronkal, zaurgarritasun. Zaurgarritasun, bai, zaurgarriak gara laino artean, eta orain arte ez da ametitua izan. Debabarrendar eta debagoiendar ere ez. Tira, nire zuzentzaile zurrunak ez du oraindik ere onartzen. Edoskitze, alien, aho-zikin edota irudikatze ere ez. Apatridak ote dira Euskaltzaindiak onartzen ez dituen berbak?

Zerrenda honetan ez dago sukaldatu. Izan ere, sukaldatu hitza idazten dudanero marra gorria azaltzen zait testuan. Tematuta ei daude berarekin, ordenagailuko zerrendara hiztegiratzen saiatzen bainaiz eta ez du onartzen. Hor dirau marra gorriak, ondo argi uzteko jengibre eta rokodromo, bai, sukaldatu, berriz, ez. Setatitasuna ez dakit nondik datorren, ez dakit zergatik portzierto bai, eta ofet, düku eta sukaldatu ez. Noski, egongo da logikarik, baina pentsatzen ari naiz portzierto bezalako hitzaren onarpenak ez ote duen mugarri guztiak hautsiko. Bestetik, gure zaurgarritasuna gorria izanik akademiak hainbeste denbora behar izan badu onartzeko, ba agian datorren mendean etsi egingo dute sukaldatu-rekin. Beharbada ordurako ez dugu sukaldatu beharrik izango, ez kuzinatu ere. USB bidez jasoko ditugu elikagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.