Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Munstroak eta gu

2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ponpeiatik osteratxoan harritu zaitezke ikusten dituzun kale eta etxolen hezurdurarekin. Txundi zaitzake haizearekin gurutzatzen den isiltasunak. Ni, berriz, beste gauza batek harritu ninduen: zenbat eraiki den Vesubiopean, Ponpeia eta Herkulano inguruetan. Alegia, 79. urtetik ezer gutxi ikasi dugula, eta harri berean behin eta berriro egiten dugula talka. Horri bueltaka ari nintzaion lehengoan telebistatik La Palma uhartean labak behera zelan egiten zuen ikusten nuen bitartean. Hango bizilagun bat elkarrizketatu zuten, eta kazetariari azaldu zion seme txikiak, beldurrak hartuta, esandakoa: «Ama, munstroa dator». Munstroa. Ezin baztertu burutik pasatu zitzaidan ideia, garai primitiboagoetan edozein dibinitate gurtu eta gizakumeak sakrifikatzen ziren sasoi urrun haiek. Zorionez, hausterre asko pasatu da harrezkero eta egun arrazoia erabiltzen da (oro har) fenomeno hauek azaltzeko. Zergatik gizakiak aukeratzen ditu sumendi, tsunami, lurrikara edota enparauak ohikoak diren lekuak bizitzeko? «Kaixo, amante, alde basatitik osteratxoa nahi?», kantatu ohi zuen Lou Reedek. Sumendia fenomeno naturala da, bere pizte eta isiotzeak ere bai. Hortaz, non dago arazoa?

Piers Blaikie, Terry Cannon, Ian Davis eta Ben Wisner ikerlariek 1994an At Risk: Natural Hazards, People Vulnerability and Disasters (Arriskuan: larrialdi naturalak, pertsonen zaurgarritasuna eta hondamendiak) idatzi zuten, eta bertan aztertu zuten, sakon aztertu ere, zerk eramaten duen gizakia horrelako lekuetan bizitzera. Besteak beste, diote, leku horietako bizilagunek jokalari arima dutela, hots: zalantzazko onuraren truke arrisku demasa hartzen dutela. Hori entzun diot Maria Cristina Zilio ikerlari argentinarrari. La Platako Unibersitatean egiten du lan ikerlari lez, eta Arriskuaren teoria delakoa ondo ederto ezagutzen du. Zientziak gero eta zehatzago aurreikusten ditu arrisku uneak, eta gero eta aiseago egiten dira leku aldaketak. Eta hala ere, jarraitzen dugu wild side-n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.