Blanca Urgell
LARREPETIT

Denok gara bitxi

2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Euskara hizkuntza bitxia bailitzan goraipatzea hizkuntza iraindua, gutxietsia eta, gainera, arriskuan dagoena duintzeko saio hunkigarritzat zein patetikotzat jo dezakegu, norberaren izaera edo aldartearen arabera. Halere, John Lyons-ek —nire garaiko Hizkuntzalaritza eskulibururik erabilienaren egilea berau— idatzi zuenez, «hizkuntza guztiak dira hizkuntza bitxiak».

Aipua Greville G. Corbett Surrey Unibertsitateko irakasleak gogoratu dit, hots, lexikoan ageri diren split-ei eskaini dien artikuluan (2015), udazkeneko euriari darauntsonean irakurtzen ari naizena. Berehala datorkit burura izan aditza: naiz, haiz, zara, da, gara, dira paradigman iz zatitxoa dute lehenengo bi pertsonek (ni eta hi); gainerakoek zipitzik ere ez. Honek esan nahi du etorki ezberdineko erroz-edo osatua dela izan-enjokoa, hau da, izan adierazteko formen arteko split, banaketa edo dibortzioa gertatu dela.

...and I think it's beautiful, baina ez da dirudien bezain bitxia. Urrunegi joan gabe, frantsesez aller 'joan' aditzaren orainaldia ere bitxia da: vais, vas, va, allons, allez, vont formetan bi bakarrik datoz bat aller infinitiboarekin.

Gerraren frontea isilik igaro eta errusieraz adibide «gaiztoago» bat dago govorit 'hitz egin' aditzean: orainaldia erregularra da —ikasleek biziki eskertzen duguna—: govorj-u, govor-is', govor-it, etab., baina lehenaldian genero eta numeroko komunztadura soilik daukate: singularrean femeninoz govoril-a, maskulinoz govoril eta neutroz govoril-o, izan ni, izan hi, izan bera, eta pluralean govoril-i, edonor izanda ere. Bitxia, ezta?

Nerabezaroan geure burua ezagutu beharrean genbiltzala esaten genuen. Denborarekin ikasi dut are gaitzagoa dela besteak errotik ezagutzea. Denok gara bitxiak besteekiko, ezberdinak eta ulergaitzak. Eta, aldi berean, gaitz-erdi, denok aldez genetikoki motibatutako burmuin (edota heste) ia berdinen jabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.