Ander Perez Argote
LARREPETIT

Eskuin erdia

2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Lagunak bota du: azti ibili balitz, argazkia aterako luke Koldo Martinezek, Geroa Baiko Iruñeko alkategaiak, Nafarroako PPk hiriburuko autobus geltokian paratu duen kartelaren erdi-erdian. Ikusi ez duenarentzat: bi alde dituen afixa jarri du PPk geltokiaren kanpoko pareta batean: ezkerreko aldean, Asiron, Otegi, Sanchez eta Txibiteren argazki bana, eta euskal grafiaz idatzita traidores hitza. Eskuineko aldean, Nafarroako PPko hautagaia alderdiko kidez inguratuta, o Navarra! esaldia goiburu. Bata edo bestea aukeratzeko deia da. Eta hortik lagunaren txistea: azti ibili balitz, erdian kokatuko litzatekeela Martinez. Baina nafar EAJk ez du oraindik erkidegoko alderdikideek bezain ongi maneiatzen ustezko zentraltasunaren mantra.

Kontuak kontu, eta kanpainari darion baldarkeriaz harago—eta egituran Adanero eta Sayas dituen alderdi batek beste bati traidore deitzeaz esan ditzakegunaz aparte— hurrengo hauteskundeetan Iruñean aginduko duen markoa ongi kokatu izana aitortu behar zaio PPri. Eta irudiarekin haserre egotekotan, agertzen ez diren horiek egongo dira haserreen; batik bat, UPN.

Alderdi erregionalistaren erabateko boterean hazitako belaunaldia da gurea, institutuko patioan Selektah Kolektiboaren zintak elkarri pasatzen zizkiona, 'UPN West' eta 'Aizpun, txispun!' ahoskatu bitartean. Gure aldarrikapenen jomuga, mobilizaziorako bulka eta etsipen iturri, dena batera izan da UPN gutako askorentzat. Eta duda dut ez ote dagoen garai bateko posizio horretatik urruti samar. Iruñeko Udala gobernatzen dute, ados, baina Navarra Sumaren izena da azken lau urteetan alkateari lotuta agertu dena, UPNren markaren kalterako.

Nik ez dakit zenbat jango dion PPk UPNri hurrengo hauteskundeetan, baina gutako batek baino gehiagok berrikusi beharko du agian orain arte kontsolamendurako ibilitako esaldia: «Hemengoak fatxak dira, bai, baina nafarrak».

Gaitz erdi, eskuinaz bi erdi egiteko balio badu, autobus geltokiko kartela bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.