Albistea entzun

LARREPETIT

Bakardadearen mina

Goizalde Landabaso -

2018ko uztailak 24

Survival International-en bideoak «Munduko gizonik bakartiena» dakar. Amazonian bizi den gizon bat da. Zulo-gizona ere esaten diote. Hogeitik gora urte daramatza Brasilgo Funai Erakundeak (Brasilgo Indigena fundazio nazionala) gizon honen nondik norakoak jarraitzen, The Truman Show hain zoroa ez zela erakutsiz. Bere tribuko azken gizakia da. Ez du ezelango hartu-emanik oihanetik kanpoko inorekin. Soilik Funai erakundekoek tarteka haziak eta bestelakoak uzten dizkiote bazter batean, erabil ditzan.

Munduko gizonik bakartienak Nika Turbinaren poemak ekarri dizkit gogora. «...eta eguneko jazoerak/ hautsez betetzen direnean/ ulertzen dut/ ez nintzen ni itxaroten zutena». Nika Turbina idazle bikaina izan zen. Bizitza latza izan zuen. Sobietarra, sei urterekin poesia idazten hasi zen, hamarrekin lehenengo poema liburua kaleratu zuen, eta hogeita zazpirekin hil zen. Tristura eta bakardadea bezain handi izan zuen arrakasta idazleak. Leihotik behera jausi zen, batzuek diote bere buruaz beste egin zuela, besteek, berriz, erori egin zela. «... Sarrerarik ordaindu ez zutenek/ aretoa bete zuten/ isila zen ikuskizun hau./ Ene leihoak soinua du/ tristurak beirak lurrundu ditu». Gazteegi harrapatu zuen bizitzak eta tristura da bere lanaren hari nagusia. Bestelako gauzak idazten ditu, baina irakurri diodan denean beti tristura sakon bat eragin dit, epidermisa gainditu eta zuzenean barrenetara sartzen zaizun goibeltasuna. «... Iluntasuna garaitzeko/ atxitxiketan goaz etxeruntz/ logaletuta, bere argietan bildurik, ene hiria gauean itotzen da».

Tristurak Nika Turbinarengana narama beti. Balea 52-ren istorioa irakurri nuenean bezala. Tristurak janzten ditu bere poemak. «... Nire bizitza zirriborroa da/ tiro batek tarratatutako garrasia bezala/ nire suerte eta zorigaitz oro/ bertan irudikatuta daude». Amazoniako azken gizona zein Balea 52-ren arimetan biziko al da Nika Turbinaren tristura?

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...