Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Egunean behin

2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Behin-behineko egoera da hau. Etxetik aterako gara, eta inork ez du eraman behar izango ibiltzeko baimenik, edota besoan marka: urdin, gorri edo zuri, zertan jarduten duen adierazteko, auzokideak ezer sala ez dezan. Hau dena pasatuko da, eta iluntzeko zortzietan leihoetara ateratzen ez bazara, inork ez dizu ezer aurpegiratuko txalo zaparradarekin apur bat kritikoa bazara ere. Pasatuko da, eta bazka librean dauden salatariak sator zuloetara itzuliko dira. Eta ez gara Hitchcocken edo Hanekeren pelikuletan biziko. Auzokideak bigarren pisuan bizi zitzaion ama hil dela esaten dizunean besarkatu ahal izango duzu, eta, oro har, besarkatu eta musukatuko ditugu maite digunak, eta ezagutzen ez ditugunak ere. Garai hau joango da, eta kalean jendearekin gurutzatzen garenean ez dugu ihes egingo besteak izurritsuak balira legez. Eta osteratxoak egingo ditugu, eta mendira joango gara, eta hondartzara, eta edozein herriko jaietara. Fatalismoak janda egunotan zoriontsu bizi direnak euren mugarrietara itzuliko dira, eta beldurra sentituko dugu noizean behin eta ez etengabe. Kaleak beteko ditugu, eta tabernak eta, batez ere, antzokiak eta kontzertu guneak. Eta komertzioak zabalduko dira, eta liburuak erosiko ditugu auzoko, herriko edo hiriko liburu dendetan, edo liburutegian mailegu hartuko ditugu. Zu eta biok, inoiz zahar izatera ailegatzen bagara, kontatuko diegu gaztetxoenei zelan izan zen garai bat etxeko zuloan bizi izan ginenekoa.

Baina ez ezazu zeure burua engaina, izango ditugu osterantzeko arazoak, buruhausteak, minak. Lan kontuak direla, bihotzekoak edota existentzialak. Beti egongo dira hor. Joandako sasoi okerragorik izan da, eta izango da. Hoberik ere bai, jakina. Eta bizi ditugun sasoi zail hauetan ondo legoke eguneko momenturen batean baikortasunari eta itxaropenari bide egingo bagenie, etxean airea sartzeko egunero leihoak zabaltzen ditugun bezala. Gure osasun mentalagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.