Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ikusten ez direnak

2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Arratsalde buruzuri horietako bat. Txoriak entzuten dira eta lo kuluxka goxoan zaude aspaldiko partez. Zure etxean ere isiltasuna da nagusi eta badirudi denboraren mantsotzeak iraungo duela. Ondo argi izan dezazun, baina, denborak krask egiten du nahi duenean, eta orain egitea erabaki du. Zure auzokideen builatzarra entzuten hasi zara. Zerbait gertatzen da hor kanpoan, kolpean, lozorrotik atera zaituena. Jakin-minak eramaten zaitu hara, eta hor daude auzokideetako batzuk, leihoetan, zure aldera garrasika; baina ez zuri; bai, ordea, alboko eraikineko norbaiti. Garrasika jarraitzen dute, eta bat sakelakotik deika hasi da. Zure aldeko auzokide batek galdetzen du: «nire eraikinean da?», eta aurreko auzokideek baietz diote, «laugarrenekoa da». Poliziari deitu dio beste auzokide batek, eta sirena hotsak entzuten dira handik eta gutxira, baina ez dakit honantz datozen. Laugarrenean biziden emakumea jotzen ari omen da berarekin bizi den gizona. Aztoramendua joan da, baina ezin dut ikusi polizia etorri ote den. Ondorengo orduetan albistea eragin duen begiratu dut, baina ez, ez du eragin.

Birusa baino are iraunkorragoa den gaitzik bada. Irakurri dut, mundu erdia derrigorrezko etxeratzean dagoen honetan, indarkeria matxista areagotu egin dela. Biktima bere borreroarekin dago metro koadro gutxitan eta larrialdi deiak %25 hazi omen dira Errusian eta New Yorken, esaterako. Hemen ere bai; Ipar Euskal Herrian %60 hazi ei dira indarkeria matxista salatzeko deiak. Nazio Batuen Erakundeak ere ohartarazi du itxialdian genero indarkeria %20 haz daitekeela. Zenbat eta zenbat emakume egongo da lau horma artean ezin laguntza eskaturik, ezin telefonoa harturik, ezin bestelako abisurik emanik.

Laugarrenekora begiratzen egon naiz hurrengo egunetan lanera bidean; ez dago mugimendurik. Auzokideak isilik daude. Lozorrorako arratsaldea da gaurkoa ere. Batzuentzat, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.