Blanca Urgell
LARREPETIT

Maiaren uzta, uztaila

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Uztailaren hasieran oporren usaina adi daiteke, eta urtean bulegoko aulkian kateaturik eduki gaituzten lanetako batzuk amaitzen ari gara, azkenik ere. Amaitu oraindik ez, baina hortxe dago tunelaren akabuko argia ikusgai.

Aitzaki-maitzaki, tarte bat hartu dut Lakarra, Manterola & Segurolaren Euskal hiztegi historiko-etimologikoa-n (Euskaltzaindia, 2019) hilabetez hilabeteko ibilalditxo bat egiteko eta, bidenabar, zuei esker zerbait ikasteko.

Uztaila uzta-hila dela edonork daki. Nola dauden garia, garagarra eta oloa sasoi honetan Araban. Nekazaritzari lotuago geundela esaten digute hilen izenek: azaroa ere hazi-aroa da, garia eta baba-eta azaroan ereiten direlako. Esango nuke iraila ere ira-hila dela, iratze edo garoaren hila. Baliteke. Urria, alderantziz, izenak dioenez urria da, eta agorrila agorra.

Urtarril ilunagoa *urte-berri-hil dela esanez gero, ez da hain zaila. Eta ekainean egunak gaina hartzen duen sasioan gaudenez, badirudi *egu(n)-gain etimologia zentzuzkoa dela, bekaina begi-gaina den moduan.

Hilen izenak, ia erdiak maileguz hartu ditugu (5/12). Urrea balio dute horiek ere, gure iraganari buruz gehiago jakin nahi izanez gero. Adibidez, maiatz azaltzeko berehala dator burura mayo dela gaztelaniaz eta aragoieraz, maggio italieraz (Joe DiMaggio nork ez du ezagutzen?), katalanez maig eta asturieraz ere mayu, besteak beste. Izena latinetik datorkio, Maia ugalkortasunaren jainkosa maiatzeko kalendetan gurtua baitzen.

Ad kalendas græcas «kalenda grekoetarako» esapidearen arabera, Maia gurtzen zen eguna izendatzeko Kalenda maias «kalenda maiarrak» ere izan bide ziren. Nolanahi ere, aitzineuskaldunek maias maiatz bihurtu zuketen, latin corpusgorputz bezalaxe. Maia gurtu nahirik ari ziren, nonbait, uztailean haren uzta jaso beharrez.

Maia bona dea, jainkosa ona, emaiguzu guri ere uda on, ez koroa, ez birusik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.