Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Normaltasuna

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Anthony Fauci AEBetako immunologoa da, COVIDarekin borrokan dabil, beste hamaika zientzialari bezala, eta oso ezagun egin zen bertako presidente den Donald Trumpi aurre egin zionean, azken horren aurreikuspen baikorrenak zapuztu zituenean. Ezegonkortasuna eta ezinegona ez dira eroso bizi den (garen) hautesleriak maite duen mezua. Duela egun batzuk, Italiako La Repubblica egunkarian elkarrizketa bat egin ziotenFauciri, eta bertan zioen baietz, ditxosozko normaltasuna itzuliko dela, baina ez dela izango 2021eko Eguberriak baino lehen. Esperoan egoteko luzeegia dela esango nuke. Ziurrenen, bizirik jarraitzen dugunok sortuko ditugu normaltasun berriak. Zer da, bada, normaltasuna? Ez da denbora luze-labur batean egoera egonkor bat ezartzea? Alegia,zomorroaren kontra babesteko txertoa heltzen denerako gu beste normaltasun batean biziko garela, ustez apurtuko duguna dagoeneko malenkoniatsuki desiratzen dugun egoerara itzultzeko. Zer eta nor geratuko zaigu bidean?, horixe da pentsatu nuena: gutako zenbatek jarraituko dugu?

Joan den mendean, mundu gerren osteko urteak oso latzak izan ziren. Gosea, hamaika gabezia eta suntsipena izan ziren nagusi. Ez naiz historian aditu, baina esango nuke aurreko egoerara ez zirela itzuli, hots, bizirik jarraitu zutenak normaltasun berria eraikitzera bultzatu zituela errealitateak. Hau ez da mundu gerra, badakit, baina bada aldaketak ezinbestean eragingo dituen (ez dakit zelan deitu) jazoera planetarioa (?).Dagoeneko itzuliko ez den normaltasuna aldarrikatu beharrean, beharbada errealitate abegikorragoak eraikitzen/pentsatzen eman beharko genuke gure denbora; eta agian ez genuke hain atxikirik sentitu beharko utzi dugunarekin. Izan ere, zerbait hobeagoa eraikitzeko gai bagara, erakutsi izan dugu baten baino gehiagotan. Egingo dugu? Ez iezadazu horrelakorik galdetu, otoi, betaurrekoak galdu ditut eta bi metrotik haragoko dena zirriborroa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.