Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ohorea

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Pil-pilean dagoen pandemiatik iheska (infodemiak irentsi nau ni ere), ikus-entzunezko on baten bila, Richard Laxtonen Honour telesail laburrera heldu naiz. Kapitulu bi. Britainiar nazionalitatea zuen emakume baten istorioa kontatzen du, Banaz Mahmod-en benetako istorioa. Londres inguruan bizi arren Kurdistango familia tradizional batean hazi zen, eta aitak bere ezkontza atondu zuen. Gizon nagusiago batekin ezkondu zuten, tradizionala; alegia, emakumea hutsaren hurrengotzat zuen (ustezko) homo sapiens batekin egin zutela. Bortxaketa eta jipoi zenbatezinen ondoren, dibortzioa eskuratu zuen emakumeak, eta baita aitaren eta familiaren mendekurako gosea piztu ere. Familiaren ohorean ziloa egin zuen bere dibortzioak, eta hori ez dago ondo; izan ere, bakoitzak bere patua du eta sehaska batzuek zanpatua dute. Ohoreak zenbat bihurgune ditu, gero. Britainia Handian itzelezko oihartzuna izan zuen haren erailketak. Bortxatu, erail eta bazterreko desleku batean lurperatu zuten. Maleta txiki batean sartu zuten gorpua senitartekoek. Haren heriotzarekin, ohorea berreskuratu zuten aitak eta osabak familiarentzat. Kristo osteko 2005. urtean. Super, e!

Non dago ohorearen muga? Aitortu behar dizut telesailak oka egiteko gogoa eman didala, eta koktel bikaina egiteko osagaiak utzi dizkidala: izugarrizko sumindura, amorrua eta herra. Eta hau gutxi balitz, gatazka utzi du nire baitan, Kurdistango herriak nigan sortzen duen atsegintasuna kamusteraino. Amnesty International erakundearen eta NBEren datuen arabera, milaka emakume erailtzen dituzte urtero familien ohorea zuritzeko. Eta garbitu oso era ohoretsuan egiten dute: emakumea jipoitu, bortxatu edota hiltzearekin. Desohoreak odola behar du ohore bilakatzeko. A ze mundua gurea. Beste mundu batean jaio izanaren arindua ere hartu nuen.

Kontuz infodemiarekin, harengandik iheska tupustean errealitate gorriarekin topo egin zenezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.